"Jendea hasi da berriro bere herriko jaiez harro egoten"

Erabiltzailearen aurpegia Gartzen Garaio Atxurra 2010ko abu. 31a, 09:11

Laudioko San Roke jaiak bukatu berritan, aurtengo protagonista nagusia izan den Jaiak Koordinakundera jo nahi izan dugu euren balorapenaren berri jasotzeko. Horrela, Mikel Ayllon (1980) koordinakundeko kideari ondoko galderak luzatu dizkiogu.

Bukatu dira aurtengo San Rokeak, eskerrak?

Laudioko San Roke jaiak bukatu berritan, aurtengo protagonista nagusia izan den Jaiak Koordinakundera jo nahi izan dugu euren balorapenaren berri jasotzeko. Horrela, Mikel Ayllon (1980) koordinakundeko kideari ondoko galderak luzatu dizkiogu.

Bukatu dira aurtengo San Rokeak, eskerrak?

Tira, uste dut sentimendu kontrajarriak ditugula denok. Koordinakundeak urte osoa ematen du herriko jaiak prestatzeko lanean, eta gero di-da batean pasatzen zaizkigu zortzi jaiegunak. Gehiagorako gogoz gelditzen denik bada.

Baina egia da, bestalde, neke handia pilatzen dela. Aurten prestatu diren 40tik gora ekimenak aurrera eramateko lana bateko, eta parranda egiteko “lanak” besteko, leher eginda amaitu dugu. 

Zer nolako balorazioa egiten duzue zuek?

Balorazioak egiteko orduan, perspektibarekin egitea gustatzen zaigu guri. Duela bospasei urte, gure herriko jaiak lozorrotik ateratzeko prozesu bati ekin genion. Lan handia egin behar zen horretarako: jai-taldeak elkartu, jende berria erakarri, galdutako ekitaldi asko berreskuratu, berriak asmatu. Azken batean, jaiei izaera herrikoi eta parte-hartzailea eman behar zitzaien, hori baita gure ustez jaiari merezi duen indarra emateko bide bakarra.

Eta begira orain. Jende mordoa inplikatuta dago jaiak aurrera ateratzeko lanean, kaleko giroak berreskuratu du bere protagonismoa, jendea hasi da berriro bere herriko jaiez harro egoten…

Balorazio kuantitatiboak ere ez ditugu oso gogoko. Jendeari asko gustatzen zaio esaten ibiltzea askok Bilboko jaietara alde egiten dutela, edo oporretan geratzen direla. Tira, guk uste dugu herriko jaiak herrian geratu nahi duten lagun guztien artean aurrera atera behar direla. Gu gara benetako protagonistak. Eta giro atsegin eta bikaina sortu daiteke hala 100 lagunekin nola 1.000rekin.

Jai-taldeak bereziki inplikatuak ikusi dituela aipatzen zigun Mada Lado pregoilariak: “eskerrak eurei eta koordinadorari”…

Ikaragarria da lortu dena. Jai-taldeek ia beti izaten dute nahiko ospe txarra leku guztietan: beti edanean daudela, ezer gutxi egiten dutela, protagonistak izatea besterik ez dutela nahi… Funtsik gabeko kritikak dira, eta urte luzetan egindako lanarekin, berdin Laudion zein beste hainbat herritan, argi geratu da hori.

Ni oraindik harrituta geratzen naiz, esate baterako, abenduaren 12an hurrengo urteko jaiak prestatzeko bilerara 30 lagun agertzen direnean, ilusioz gainezka. Eta berdin urtarrilean, eta otsailean, eta martxoan…

Guk ez dugu sekula egindako lanagatik errekonozimendurik edo saririk eskatu. Abuztuaren 15etik aurrera herriko kaleetan sortzen den giroa da guretzako saririk handiena.

Txupinazo garbiaren aldeko deia luzatu izan duzue urte askotan eta ematen du aurten horrela izan dela.

Txupinazoa une zirraragarria da. Jaiei hasiera ematen dien ekitaldia da, eta urte askotan oso desitxuratua egon da. Une berezi horretan pregoilaria eta herritarrak izan behar dira protagonista eta azken urteotan bestelako gaiek merezi ez zuten indarra izan dute: zikinkeriak, balkoira agertzen ziren politikariak, ditxosozko manparak…

Txupinazo garbi eta herrikoi baten aldeko lan handia egin dugu. Batzuei beharbada gehiegizkoa irudituko zitzaien ekitaldi bakar baten inguruan horrenbeste lan egitea, baina uste dugu merezi izan duela. Gu ere aspertuta gaude gaiarekin. Ez dugu txupinazoaz gehiago hitz egiten jarraitzeko gogorik. Txupinazoa bizi eta gozatu nahi dugu. 

Zuek egindako aldarrikapenarekin bat eginez pregoilariak udaletxeko balkoiko manparak kentzea eskatu zuen. Protagonismoa herritarrek berreskuratu dutela uste duzue?

Hala izatea espero dugu. Hainbat urtez txupinazo desitxuratu bat bizi behar izan dugunontzat uste dut aurtengoa une berezia izan dela. Pregoilariak ere hitz batzuk esan ahal izan zizkien bertan bildutakoei!

Baina kito! Gai honekin gora eta behera ibiltzearena bukatu behar da. Pregoilaria balkoian eta herritarrak plazan. Horrela izan behar zuen beti eta horrela izango ahal da beti!

Jaiak iragartzen dituzten kartela bozketa herritarrez hautatzen da orain, koordinadorak egindako lanari esker besteak beste. Baina bestelako parte hartze esparruak ere itxiak jarraitzen dutela salatu zenuten jaien bezperatan. Erronka berriei heltzeko prest?

Koordinakundearen lanari berrekin genionetik argi geneukan jaiaren esparru guztietan sartzeko ateak ireki behar zaizkiela herritarrei. Jaietako eragile guztien artean erabaki behar ditugu jaiari dagozkion xehetasun guztiak: egutegia, egitaraua, aurrekontua, pregoilaria, kartela…

2008an aurrera pauso txiki bat eman zen kartelarekin. Ondo. Baina bidea ez da hor amaitzen. Guk lanean jarraitu dugu udal agintariek ulertu dezaten bestelako aldaketak beharrezkoak direla. Iaz, pregoilaria hautatzeko bozketa xume bat antolatu genuen herritarren artean, eta hara, parte-hartzea izugarria izan zen. Gure ekimen guztien bitartez hori demostratzen saiatzen gara: parte-hartzearen bidea posiblea izateaz gain, positiboa eta beharrezkoa dela.

Baina ez udalari begira soilik. Herritarrok jarrera oso erosoa erakusten dugu askotan: tabernako barran dena kritikatu eta gero… beste trago bat eskatu. Jaietako eragileok ere ulertu behar dugu parte-hartzearena dela bidea, eta bide horrekiko konpromisoa erakutsi. Alde horretatik, Koordinakundearen lana oso pedagogikoa izan da. Jaietako aurrekontuaren zati txiki bat kudeatu dugu jai-talde guztien artean, zer egin nahi genuen, noiz egin nahi genuen eta nola egin nahi genuen erabaki dugu denon artean. Hori da bidea!

Jai-talde berriak ikusi ditugu aurten kalean…asko hazi da koordinadora azken urteotan?

Zorionez, etengabe hazten ari da. Batetik, Koordinakundearen bultzadari esker, horren gazte ez garenon taldeek jaietan lan egiteko gogoa eta ilusioa berreskuratu dugu. Eta bestetik, urtero gaztetxoen talde berriak agertu eta azkar hasten dira kemen handiz lanean. Horretan berebiziko garrantzia izan du batak besteari emandako laguntza: batzuek ilusioa, besteek kemena, besteek esperientzia… Jaiak denon artean egitearen abantailak!

Txosnagunean ere parte hartu duzue. Nola ikusi duzue bertako giroa?

Aspaldian buruan geneukan txosnagunean parte hartzeko aukera, baina ereduari buelta bat eman behar zitzaiola uste genuen. Aldaketa horretan lehenengo pauso gisa, talde guztiek partekatuko zuten karparen ideia geneukan buruan bueltaka. Txosna batzordearekin hitz egin genuenean ohartu ginen eurek ere ideia hori aztertzen zebiltzala. Hortaz, bikain!

Aurrera pauso handia eman dela uste dugu. Antolatutako ekimen guztietan jende askok parte hartu du eta giroa bikaina izan da. Karparen ideia jendearen gustukoa izan dela ematen du eta talde berriak gerturatzeko formula ezin hobea da. Baina lanean jarraitu behar dugu. Txosnaguneak jaietan bete behar duen papera zein den ondo zehaztu, eredua finkatu eta hori lortzeko lan egin beharko da aurrerantzean, aurten egindakoa oinarri gisa hartuta.

Ekimen berriak izango ditugu datorren urte honetan zuen eskutik?

Abuztuko jaiez gain, beste hainbat kontu sartu ditugu azkenaldian gure agendan. Iaz, esate baterako, Sanpedropeko jaiak berreskuratzeko lehenengo urratsa eman genuen. Aurten, erronka horri heltzeaz gain, buruan ditugu beste hainbat data esanguratsu: inauteriak, dolumin barikua… Gogoa eta ilusioa mantentzen diren bitartean edozein gauza da posible.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide