Hainbat mendi taldek, elkartek eta gazte-asanbladek osatzen duten Zanpazu Bizirik Herri Plataformak “datozen hilabeteetan hasi daitezkeen obra lanen” aurka egiteko eskatu die herritarrei eta zenbait euskal erakunderi.
Adierazi dutenez, “gure ingurunean eraiki nahi dituzten zentral eoliko guztiak ebaluaketa fasean daude, dagozkien instituzioek ingurumen-eraginaren adierazpenak argitaratzearen zain”.
Lau zentral berri horietaz gain, Aiaraldea dozenaka kilometro linea elektrikok zeharkatuko dutela salatu dute argitara emandako idazkian; “zentral eoliko hauek sortzen duten energia bideratzeko eraikiko da sare hau, eta 40 metro luze arteko zutoinak ezarriko dituzte hartarako. Gure iritziz, azken urteotan eskualdeko turismo jarduerak horrenbeste bultzatu duen ingurune naturala nabarmen kaltetuko du proiektu honek”.
Era berean, gogora ekarri nahi izan dute “EAEn egun dauden aerosorgailu zaharrak berriengatik aldatuta, gure lurraldean aurreikusi diren hamarnaka zentralek baino energia gehiago lortuko litzatekeela”
“Energia eolikoa ez da jasangarria eta ez da ditugun energia arazoen konponbidea, EAEn ezarri nahi den moduan behintzat ez. Gainera ez dituzte hauek beste proiektuen alternatiba bezala planteatzen; Garoñako zentral nuklearraren, Ziklo Konbinatuko Zentral Termiko berrien eta proiektatutako Tentsio Handiko Lineen ordezko”, adierazi dute.
Proiektu hauen aurka egiteko arrazoiak
Idazkian arrazoi ugari azaldu dituzte “proiektua hutsera eraman eta behar eta eskariaren araberako proiektu berri bat adosteko, toki egokienak aukeratuz horretarako, baldin eta energia iturri hau alternatiba bezala planteatzen baldin bada”.
Arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira: “egindako ingurune-eraginari buruzko ikerketen kalitate eskasa eta balizko eragin guztiak aurreikusteko ezintasuna, proiektatutako zentralen errendimendu energetikoa, alternatiben azterketa eza, tentsio handiaren ezarpenaren eraginak, pista berrien irekitzea, beste zentral eolikoek sortutako eragin sinergikoa, balio handiko gertuko natur zonaldeetan izango duen eragina (Naturparkeak, ZEPA, LIC eta Red Natura 2000), zeharbide ekologikoetan izango duena; hegazti-faunarengan, herpetofaunarengan, kiropteroengan eta landaredian izango duen eragina, eragin geologiko eta geomorfologikoa, hidrologian eta hidrogeologian izango duena, lurzoruan, paisaia-eraginean eta jendartean (arlo ekonomikoan, sozialean eta naturalean) izan dezakeena, bai eta gertuko herri guneetan bizi diren pertsonengan zentral hauek sortzen dituzten osasun efektuak eta balizko aztarnategi historiko, arkeologiko edo paleontologikoetan izan ditzaketen ondorioak ere”.
Proiektu eolikoak ingurune hauetan ezarri nahi dituzte: Ganekogorta, Gorobel (Nerbioaren jauzia, Txarlazo, Tologorri, Ungino..), Arrolako Santa Marina-Jesuri eta Elorritxugane -Orozko eta Laudion- eta Txibiarte-Zanpazu inguruneak (Gujuli ur-jauzitik gertu) -Amurrioko udalerrian.