Komunikabide batera igorritako gutunean, Laudioko herritar batek gertaera hauek salatu ditu (jatorrizko idazkia gaztelaniaz, ezkerreko zutabean):
"Aupa koadrila! (5 minutu baino ez dizkizuet eskatzen)
Ez dut ohiturarik mota honetako gertaera eta berriak zabaltzeko. Agian, hau ez da nire hitzak plazaratzeko tokirik egokiena, baina amorru bizian nago, inpotentziak jota, eta horregatik eman nahi dizuet gertaera honen berri.
Pertsona hau laguna dut, zuetako askok ere ezagutzen duzue. Ez diogu izenik jarriko, berak ere ez baitu lau haizetara zabaldu nahi izan gertatutakoa. Pertsona lasaia da, aita, langilea, eta joera politiko ezagunik gabekoa. Hain zuzen, horregatik da hain injustua gertatu zaiona.
Laudion izan zen, 2010eko uztailaren 11an, igandean, hau da, Munduko Futbol Txapelketaren finala jokatu zen egunean. Nire laguna (X deituko diogu), Holandaren partiduak telebistaz bota zituzten egun guztietan egin bezala, Ardanetxe tabernara abiatu zen, Holandaren kamiseta soinean zeramala, futbol-partidua ikustera (bizitzaren kasualitateak, badakizue).
Tabernako atean 12 urteko gazte-talde batekin topo egin zuen (6 mutiko). Laudioko futbol-taldeko jokalariak dira, eta euren gurasoen laguna da. Atearen parean zaudela ikusita, zertan ari ziren galdetu zien, eta erantzun zioten ez zietela tabernan sartzen utzi (normala da, adin txikikoak dira eta ez daude heldu batekin). Horiek horrela, beraz, berarekin sartzeko esan zien.
Atea ireki, eta barruan 25 bat pertsona ikusi zituzten, horien artean, tabernatik gertu dagoen izen txarreko enpresa ezagun bateko langileak. Espainiako selekzioko kamisetak zeramatzaten, banderak, ikurrak eta abar. Imajinatu dezakezue, beraz, zer nolako erreakzioa piztu zuen kamiseta laranjak partiduaren aurreko emanaldia ikusten ari ziren pertsonengan.
Ezer gertatu ez balitz bezala jokatu (baina gertatu zen: irainak, bultzadak, begiradak…), tabernaren beste muturrean geratu eta partidua ikustera mugatu ziren.
Iniestak Espainiari garaipena eman zion gola sartu eta gero, langileetako bati “nahigabe” bandera bat erori zitzaion mutikoetako baten gainean (gogoratu 12 urte baino ez dituztela), eta horrek ez zion utzi tabernatik ateratzen. “Nahigabe” eragindako trabagatik haserre (lankideei, antza, grazia handia egin zien horrek, barre-algaraka zeuden-eta) mutikoak bandera gainetik kendu zuen zartako batez, eta banderaren jabeak, orduan, astindu egin zuen. Une horretan, nire laguna, X jauna, bien artean jarri zen, eta txintik ere esateko denborarik izan ez zuela, pertsona horietako batek burukada gogor bat jo zion sudurrean.
Gogaituta, odolustuta eta minduta, anbulatoriora joan zen, eta medikuarenetik ateratzean… hara non ikusten dituen, itxarongelan, tabernako zaleak eta euren emakumezko lankidea (emakumea, bai).
Tabernan izandako jokabidea ikusita eta okerrena gerta zitekeela susmatuz, agintariei gertatukoaren berri ematea erabaki zuen. Gertaerak bertatik bertara ikusi zituzten lekukoak bilatu (adin txikikoen lekukotzak ez zuen balio, guztia ikusi zuen tabernariarenak bai, ordea), eta ofiziozko abokatua eskatu zuen.
Epailearen aurrean agertzeko egunean, 5 lekukok ziurtatu zuten nire lagunak lepotik heldu ziola emakumezko langileari. Nire lagunak eraman zuen lekukoak, aldiz, ziria sartu zion eta epaileari esan zion berak ez zuela EZER ikusi.
Horiek horrela, epaileak ez zuen beste aukerarik izan. Andereño horri lesioengatiko kalte-ordaina ordaintzera kondenatu zuen nire laguna, eta, gainera, epailearen kostuak era ordaindu beharko ditu. Berrogeitaka urtean izan duen lehen zigor-aurrekaria da.
Jakizue hau guztia benetan gertatu dela. Irakurri duzuen bertsioa % 100ean egia da. Ez du inork aldatu, nire lagunak, aita zenaren laguna ere bazenak, kontatu bezala jaso dut. Justizian deus sinisten ez duen honetan, ohorea zikindu dioten honetan, ez dio gertakari honi garrantzirik eman nahi izan. Horregatik nago ni ostia txarrean… ezin gaituzte hain erraz zapaldu, joder.
Beno, koadrila, barkatu kaparrada. Badakit hau ez dela berria: zaharrak berri, badakizue. Lanabesak eskuan dituztela ibiltzen dira, mozkorkeriatan; zigorrik jaso gabe erakusten dituzte, jazartzen omen dituztenak beldurtzeko. Euren lagunek aisialdirako tokiak erretzen dituzte, inolako zigorrik jaso gabe. Beste lagun on batek behin esan zidan moduan: “egun batean derecho de pernada delakoa ere izango dute”
Hemen duzue, bada, gertatutakoa azaltzen duen artikulua. Irakurtzea merezi du.
Ondo bizi!!!"