Irrikitan nengoen Unai Elorriagaren nobela berria irakurtzeko, bere pertsonaiei izen bitxiak jartzen dizkien euskal autore horren azken lanaz gozatzeko, eta liburuak ez dit hutsik egin.
Elorriagak idazteko estilo berezia du, euskaraz beste inorengan aurkituko ez dugun sintaxia. Esan bezala, haren pertsonaiek izen bitxiak dituzte, ez ohikoak. Egia esan, gustatuko litzaidake galdetzea izen horien atzean zer ezkutatzen den. Gainera, haien istorioei, orain arte, xalotasun moduko bat zerien. Horregatik, batzuek ez dute idazlearen estiloa gogoko, eta errealitatetik oso urrun dagoen mundu fantastiko samarretara ihes egiten duela leporatu izan diote maiz. Ez naiz inor sutsuki defendatzearen zale, baina, nik dakidala, hori zilegi da literaturan. Ezin ukatuzkoa da, gainera, Elorriagak ahots propioa lortu duela euskal letren munduan. Haren estiloak aipatutako hiru ezaugarri bereizgarri horiek ditu: sintaxi berezia (esaldi laburrak, errepikapenak...); izen bitxiko pertsonaiak (ezagun ditugun tokiekin identifikatu ezin ditugunak); eta xalotasuna. Gai gogorrez aritu izan da Elorriaga (zahartzaroa, memoria), baina fantasia-puntu batekin beti.
Oraingoan ere, gai gogor batez ari da: diktadura batetik atera berria den herri bati buruz, hain zuzen. Horregatik, uste dut, aurreko lanetatik apur bat aldendu dela eta errealitate serioago batera ekarri nahi izan gaituela. Nobelak bi hari narratibo ditu. Batetik, Phineas arratsaldero igotzen da bere lagunekin teilatura diktaduran zehar desagertu zen arreba, Sora, noiz itzuliko zain. Inor bueltatu ez bada ere, Sorak gutun batean esan zion itzuliko zela, eta horregatik itxaroten diote teilatuan, handik herriko sarrerak ikusten direlako: trenbidea eta errepidea. Bitartean, diktaduran zehar gertatutako ankerkeriak eta Phineasek Sorari buruz dituen oroitzapenak ere tartekatuko zaizkigu. Bestetik, bigarren hari narratiboari dagokionez, psikotiko baten buruan murgiltzen gaitu Elorriagak, haren barneko labirintoan.
Azkenean, maisuki josiko ditu bi hariak, eta irakurleari zapore goxoa utziko dio.