Arimen maisua
Pozgarria da ikustea literaturaren txoko honetan emakumeek idatzitako liburuak izan direla nagusi orain arte. Batez ere, kontuan hartuta geure etxeko apaletan nabarmen handiagoa dela gizonek sortutako obren kopurua.
Nik ere emakume batek idatzitako liburua dakarkit txoko honetara: Irène Néwirovskyren obra baten euskarazko itzulpena, hain zuzen.
Néwirovsky ez da oso ezaguna gure artean, baina Frantziako Estatuan izugarrizko oihartzuna izan du bere lanak; pena da, Euskal Herriarekin harremana izan zuen autorea baitugu.
Néwirovsky Kiev-en, Ukrainian, jaio zen 1903an, familia judu aberats batean, eta heziera frantsesa jaso zuen. Uda guztietan, garai hartako modari jarraituz, néwirovskytarrak Lapurdiko kostaldeko herri dotoreetara, Miarritzera edo Donibane Lohizunera etortzen ziren. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten, eta festaz festa ibiltzen ziren. Irène, ordea, ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Hain zuzen, zaintzaile haiekin ikasi zuen Irènek euskaraz.
Iraultza Sobietarra lehertu zenean, familiak Frantziara alde egin behar izan zuen, eta han hasi zen Iréne idazten. Bigarren Mundu Gerran, baina, naziek Frantzia okupatu zuten eta Iréne kontzentrazio-esparru batetara eraman zuten, judutarra zelako. Auschwitzen hil zen 1942an, 39 urte baino ez zituela.
Gazte hil bazen ere hainbat liburu idatzi zituen, baina gehienak ezin izan zituen bizirik zegoela argitaratu. Haren alabak arduratuko ziren, gero, urte askoan ezkutuan gordetako eskuizkribuak argitaratzen. Arimen maisua, esaterako, 2005ean errekuperatu zen.
Gaur hizpide dugun obraren protagonista Dario Asfar da. Medikua da, baina atzerritarra denez ez du bezero aberatsak izateko aukerarik, eta goseak akabatzen bizi da Nizan, 1920ko hamarkadaren bueltan, belle epoque delakoan, beraz. Egun batean, baina, emakume bati sasian abortarazten lagunduko dio, eta orduz geroztik aberatsek besteek jakin nahi ez dituzten sekretuzko gaitzak eta arazoak (miseriak, azken batean) konpontzeko edo sendatzeko erabiliko dute Dario. Medikua, beraz, edozein gauza egiteko prest izango da, bere emazteari eta semeari bizimodu duina ematearren. Urte batzuen buruan, Parisera aldatu eta egundoko ideia izango du Dariok: sortu berria zen psikoanalasiaren teoria berrinterpretatu eta gaixoen arimak sendatzen dituela zabalduko du. Ideia horrek arrakasta handia izango du Pariseko aberaskumeengan, eta Dariok gizartean gora egingo du, itsu-itsuan...
Mugarik ezagutzen ez duen txerpolari baten istorioa da, beraz, Arimen maisua. Istorio, izugarria, gogorra, dirua eta ospea lortzearren gizakia edozer gauza egiteko prest dela erakusten diguna. Baina arrakasta lortuta ere, Dariok ez du bakerik izango, eta frantziarren begietan atzerritarra izaten jarraituko du. Frantziako aberatsek ez diote sekula bere jatorria barkatuko, eta zama horrekin bizi beharko du. Gainera, semeak gaitzetsi egingo du: “Zer uste zenuen, hain fededuna, hain inozoa nintzela? Zer uste zenuen, benetan ikusten zintudala nire aurrean agertu nahi zenuen bezala, mediku garrantzitsu bat, asmatzaile jeniala, ia bigarren Freud moduko bat? Txerpolari bat, horixe zara zu! Espekulatzaile triste bat, eta okerrenetakoa gainera! besteek jendearen poltsikoarekin eta gorputzarekin espekulatzen dute; zuk, haien arimekin”.
Néwirovskyren lanik ezagunena, Suite française, euskaraz argitaratzeko asmoa omen dago. Bitartean, hark idatziko beste liburu batez ere goza dezakegu euskaraz. Dantzaldia deritzo, eta Txalapartak eman zuen argitara 2006an.