Gasteizen emandako prentsaurrean aurkeztu dute Laudiion 2011ko ekainaren 19an izango den Araba Euskaraz jaia. Bertan izan dira Joseba Aginagaldea (Arabako Ikastolen Elkarteko Zuzendaria), Ainhoa Uriarte (Laudio Ikastolako ikasle ohia eta Lehendakaria), Juankar Bermejo (Laudio Ikastolako Zuzendaria 2010/11 ikasturtean) eta Jon Karla Menoyo (Laudioko Alkatea).
Euskararen jairako hautatu duten leloa "Bagare!" da, antolatzaileek Bittor Kapanagak idatzi eta Gontzal Mendibilek musikatutako abestitik hartu dutena. Ideia nagusial aldiz, "Izan zirelako gara...garelako izango dira" esaldiarekin laburbildu daitezke. Lelo honek Ikastola sortu zenean hartutako konpromisoa berresten dutela adierazi nahi izan dute antolatzaileek. Logotipoa ere aurkeztu dute emandako prentsaurrekoan, Laudioko "Graf!k Sarea" enpresak hartara sortua (ikusi argazkia).
Aurten Araba Euskaraz jaiak izango dituen helburuak ere aditzera eman dituzte, hauek dira laburrean:
- Arabako Ikastolen Eguna ospatzea
- Laudio Ikastolaren erreferentzialtasuna eta eragina handitzea.
- Ikastolen mugimenduaren berariazko berrikuntzarako grinari eta aintzindari senari jarraituz, proiektuak behar dituen diru inbertsioak eta hobekuntza etengabeak egin ahal izateko urte osoko kanpaina egitea.
Prentsaurrean azaldu dutenez, datorren ikasturtean Laudio ikastolak 750 ikasle izango ditu 37 gela ezberdinetan banatuta eta 90 langile. Ikastetxeak "ikasle kritiko, autonomo, sortzaile, anizkorra eta ez-sexistak hezitzea" duela helburu adierazi dute antolatzaileek.
Laudio Ikastolak herriko euskalduntze prozesuan izan duen eragina nabarmendu nahi izan dute bertan, "umeak euskaldunduz eta gurasoak motibatuz" egindako lana ahotan hartuz. Azaldu dutenez, EUSTATeko 2006ko datuen arabera, Laudio euskaldunen portzentaia % 26,54koa da (4.768 lagun), ia euskaldunak %25,15 (4.519 lagun) eta erdaldunak aldiz %48,31 (8.679 lagun).
Euskararen zita handiak beraz, hitzordu berria du gurean,datorren ekainaren 19an hain zuzen ere. Bagare!