Laudioko San Roke jaietan emakumearen lana eta figura omendu nahi izan dituzte Mada Lado aukeratuta pregoilari bezala. Jaietako zinegotzia den Toño Bilbaok adierazi duenez, “emakumeak gizartearen esparru guztietan egiten duen lana goraipatu nahi izan dugu horrela”. “Mada Ladok gure herriko emakumearen profil eta irizpide guztiak betetzen ditu”. Pregoilari izango den emakume hau langilea da, etxekoandrea, Ikastolako koordinatzailea eta herriko gizarte eta kultur mugimenduan aktiboki parte hartzen duena.
Mada Bilbao izango da herriko jaietako pregoilaria eta berak botako du 2010. urte hontako txupinazoa.
Aurten txupinazoa “manpara” gabe botako da
Mada Bilbaok espreski eskatutako baldintza izan da aurten txupinazoa botatzeko ekitaldia udalean azken urteetan jarri izan diren manpara gabe egitea. “Desagertu behar den elementua da -adierazi du Madak- gazteenek Laudioko Jaien benetako izaera ezagutu dezaten, lehen ziren bezala alegia”.
Pregoilaria herritarrek aukeratzeko eskaera
Gogoratu beharra dago, Jaiak koordinadorak azken urteetan zabaldu duen eskaerari ez zaizkiola oraindik ere ateak ireki. Jaietako kartela, pregoilaria, txupineroa eta beste hainbat erabaki herritarrek hartzeko prozedurak irekitzea eskatu izan baitu koordinadora honek, eta gaur artean kartelaren aukeraketa izan da herritarren parte hartze zuzenera ireki den esparru bakarra.