Eman oxigenoa euskarari dinamikaren eskaintza berri bat dakarkigu oraingoan Laudioko Udaleko Euskara Arloak. Gazteen artean euskara sustatzeko SURF ikastaro erakargarria hain zuzen ere.
Ikastaro hau uztailean zehar egingo da Sopelako uretan eta adinaren araberako bi talde desberdindu egongo dira, egun ezberdinetan hondartzara gerturatuko direlarik. Antolatzaileek adierazi digutenez, "ezer ez dakitenentzako ikastaroak dira eta bertan utziko dizkiete jantziak, ohola eta gainerakoa".
Adinaren araberako talde banaketa ondoko hau izango da:
- 1993-1994-1995-1996 urteetan jaiotakoak: uztailaren 13, 15 eta 16an, 11:00-13:00 ordutegian. Ordutegi honi udalak jarriko duen autobuserako denbora gehitu behar zaio. Hau da, Laudion, irteera 10:00etan eta itzulera 14:00 inguruan izango dira.
- 1990-1991-1992 urteetan jaiotakoak: uztailaren 20, 22 eta 23an, 11:00-13:00 ordutegian. Ordutegi honi udalak jarriko duen autobuserako denbora gehitu behar zaio. Hau da, Laudion, irteera 10:00etan eta itzulera 14:00 inguruan izango dira.
Bertan parte hartzeko baldintza bakarra, euskaraz aritzea da, bai eta "ondo pasatzeko gogoa" ere, adierazi dute Euskara Arlotik.
Ikastaroan izen emateko 20 euro ordaindu beharko dira eta gogoratzen dutenez, 20 gaztek soilik partehartu ahal izango du ikastaro bakoitzean, lekuak mugatuak dira beraz. Izen emateak Laudioko Udaleko Euskara Arloan egingo dira ekainaren 28tik uztailaren 8ra arte. Informazio eta argibide gehiagorako: euskara@laudiokoudala.net // 944 034 890.