Goikoplazako Etxebarria baserriko irudi ondarea are eta gehiago kaltetu dute azken asteotan izandako euriteek. Teilapearen ezkerreko frisoa lurrara erori eta puskatu egin da egunotan. XVI. Mendeko irudiak dira orain galdu direnak; animalien eta natura motiboen irudiak hain zuzen ere.
Ondare hau babesteko lanean aritu den Mariasun Larisgoitiak adierazi digunez, Udaletxera eta Arabako Foru Aldundira jo dute berriz ere Etxebarria baserri zaharra babesteko neurriak ahal bait arinen hartu ditzaten eskatuz. Gogora ekarri behar dugu hainbat herritarrek Amalur fundazioarekin batera sinadura bilketa egin zutela duela zenbait hilabete.
500 sinadura hauen bitartez Goikoplazako eraikina babestutako ondare bezala har zezan eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Laudioko Udalak 2009ko urtarrilaren 26ko osoko bilkuran erabaki zuenaren ildotik.Iazko urtarrilean Udaletxeak Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera ez onartzea erabaki zuen “eraikinaren egoera talamalgarria” delako.
Amalur Fundazioak baserri eder honen inguruan egindako ikerketaren arabera, 1575. urtean topatzen dugu Etxebarri baserriaren lehenengo aipamena: Martin de Olaeta errege idazkariak eta Maria Pérez de Gastaca andereak jasotakoa.
Baserria kokatua dagoen lur eremua egun Arco Atlantico enpresa eraikitzailearen esku dago, eta lur saila urbanizatutakoan udaletxearen esku uztea aurreikusita du.