Aiarako udalak Ibaguengo kiroldegia berriz eraikitzeari ekingo dio
Urte eta erdi baino gehiago igaro ostean lanak gelditu zirenetik, Aiarako udalak Ikastolaren ondoan eraikitzen hasi zen kiroldegia amaituko omen du, orduan egindakoaren zati bat aprobetxatuz.
2008ko uztailean Ibaguengo kiroldegiko obretan arrakalak agertu ziren eta Udalak lanak geldiarazi behar izan zituen, ez zelako bermatzen azpiegituraren segurtasuna. Obrek sei hilabete eskas iraun zuten. Ia urte bi pasatu direnean, udalak beste proiektu baten erredakzioa esleitu egin du 45.000 euroren truke.
Kiroldegia Etxaurren Ikastola eta udal igerilekuen ondoan eraikiko da, eta 2008an eraikitakoaren zati batzuk aprobetxatzen ahaleginduko omen dira. Berez, eraikinaren egitura bota egin beharko dute, segurua ez delako, baina estalkia adibidez, baliatzeko asmoa omen daukate.
Kiroldegi hau polemika-iturri izan da Aiaran proiektu abiatu zenetik; izan ere, EAko zinegotziak zeharo aurka agertu ziren eta kontua auzitara ere eraman zuten. EAko zinegotzien ustez, azpiegitura honek ez dauka zentzurik udalerriaren ezaugarriak kontuan harturik. Euren esanetan, bestelako zerbitzu batzuk eskaini beharko lirateke, hala nola kirol-gune txikiagoak herrietan (Aiaran 24 herri daude) eta kiroldegiak herrigune handienetan, Luiaondon eta Arespalditzan, eta ez eraiki kiroldegi handi bat garraio publiko bako leku batean.