Gartxot

GARTXOT Oraingo honetan euskal komikigintzari eskaini nahi diogu tartetxo hau album berezi bati aipamena eginez, gure mugaz haratago aintzat hartua izan dena: Gartxot; hain zuzen ere, Korsikan urtero ospatzen den Nazioarteko Komiki Azokan saritua izan da 2003.urtean.

GARTXOT Oraingo honetan euskal komikigintzari eskaini nahi diogu tartetxo hau album berezi bati aipamena eginez, gure mugaz haratago aintzat hartua izan dena: Gartxot; hain zuzen ere, Korsikan urtero ospatzen den Nazioarteko Komiki Azokan saritua izan da 2003.urtean.

Gartxot komikia Arturo Kanpionen “Itzaltzuko bardoa” obran oinarrituta dago. Honek, euskal idazle eta historialari nafar handi honek, Itzaltzun jaso zuen kondaira amama baten ahotik. Kondaira hau XII.mendekoa da, pentsa! bederatziehun urte luzez, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi, transmititu izan da guganaino helduz. Eta hori ez da dena, seguru aski zuetako askok ezagutuko duzue Benito Lertxundiren “Itzaltzuko bardoa” kanta ederra ezta?, ba hortxe ditugu jasoak ere gure Gartxoten bertsoak.

Transmisioaren katea, beraz, ez da eten. Erreparatu, bestela, kate luzeari: bederatzi mendez Zaraitzuko jendeek Gartxot gogo-mihietan atxiki, Arturo Kanpionek XIX. mende bukaeran idatzian eman, XX. mendean Benito Lertxundik musikatu eta XXI. mendean Asiskok eta komikira ekarri. Laburbilduz, ahozko tradizioko literaturatik idatzizko literaturara, handik kantagintzara, kantatik komikira, eta honen ostean, egongo ote da segidarik? Ezagutuko dugu hurrengo kate-begia XXII. mende barik? Bai eiki, bada proiektu bat, Gartxot marrazki bizidunetako filma martxan da. Ageriko!! Baina bitartean, hartu albuma esku artean zabaldu eta... hasi gozatzen lehenengo orritik.

Aitzinsolas modura edo, argazki, marrazki eta iruzkin koktel xarmangarri baten bidez kontatzen zaigu nola joan zen gorpuzten egitasmoa, hau da, azaltzen zaizkigu gidoiaren informazio iturrien nondik-norakoak, pertsonaien proto-zirriborroak, marrazkien hastapen-trazoak, istorioaren kokapen geografikoak. Esan daiteke honek guztiak beste komiki bat osatzen duela komiki nagusiaren barnean. Eta gauza bera edo bertsua topatzen dugu bukaeran: komikiaren azken kapitulua ere, berez, beste komiki bat da eta gainera oso gauza polita aurkitzen dugu hemen, irakurlearen sorpresarako utziko dudana komentatu gabe; bakarrik esan gurpil bat marrazten dela bukaera hasierarekin lotzen duena, amaiera bihurtzen da hasiera, zirkulua itxi eta berriz hazten da.Bai bukaera borobila, zinez!

Beste ezaugarri berezi bat azpimarratu beharrekoa hizkuntzarena da. Izan ere, komikiaren testuak ekialdeko nafarreraz daude idatzita, hau da, kondairaren jatorrizko euskalkian, baina horregatik ez kikildu zeren ulermena erraztearren orriaren beheko aldean zenbait berbaren batuerazko ordaina ematen baita. Honez gero, bada, nor da Gartxot? Zertan datza istorioa? Istorioaren gogorraz, hitzaren indarraz, marrazkiaren ederraz eta kolorearen adierazgarriaz goitik-behera hunkituta geldituko zarela zihur banaiz ere, zuk zeuk, lagun hori, deskubritu beharko duzu orrietan barna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide