Gogo eta ilusio handiz antolatutako hirugarren euskararen egunak euskaraz jantzi du Amurrioko plaza. Goizean goiz atera dira mendizaleak Izarza naturbidean hiru ordutako txangoa egitera. Bien bitartean sukaldariak lanean jarrita zeuden Juan de Urrutia plazan, eguerdiko bazkari herrikoirako menu oparoa prestatzen; pasta entsalada eta oilaskoa garagardotan.
Ondoren, Aspaltza euskara taldeak haurrentzako tailer eta jolasak antolatu ditu, Goloka taldeak hankapalu ikastaroa eskaintzen zuen bitartean. Txakoli dastaketara jendea erruz gerturatu da, Urduñako “Gure Ahaleginak” txakolindegiko gidariaren azalpenak entzutera, eta nola ez, zintzurrak bustitzera. Okondo eta Gordexolako gazta ekologikoaren txanda iritsi da ondoren, dastaketa eta azalpenak entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek.
Bazkari herrikoiaren ostean, bertso adarjotzea, mus txapelketa eta kantuan egiteko aukera. Arratsaldea ixteko dantza plazaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Eta ondoren taberna ibiltaria.
Euskaraz bai egunaren hirugarren edizioa, gutxi gutxinaka bidea egiten, euskaraz eta euskaratik. Zorionak zuei!