Laudioko hainbat eragile abertzaleren deialdiari erantzunez, 200 herritar inguru atera ziren ostiralean kalera bandera espainola udaletxean jarri izana salatzeko. Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, LAB eta beste eragile sozial batzuek deitutako protestan ikurrinaren aldeko eta bandera espainolaren aurkako mezuak entzun ziren, bai eta EAJ alderdiaren jarrera salatzen zutenak ere.
Ikurrina handi batek irekitzen zuen manifestazioa, herriko erdigunea zeharkatu eta herriko enparantzan egindako ekitaldi txiki batekin amaitu zen protesta. Bertan bi bertsolarik parte hartu zuten eta dantzari batek aurreskua dantzatu zion ikurrinari txistuaren doinuak lagunduta. LAB sindikatuko eta Eusko Alkartasunako ordezkarien interbentzioekin bukatu zen ekitaldia, eusko gudariak ereserkia kantatu ondoren.