Amurrioko udaletxean gaur ospatutako osoko bilkurak orainartean “txosnagunea”kudeatzen zuen hitzarmena ordezkatuko duen arautegi berria onartu du. Arautegi berri honek mugak jartzen dizkio Amurrioko txosnen jardunari; bai alde teknikoan bai eta izaerarekikotan.
Teknikoki planteatzen dituen baldintzen artean, bertan lan egiten duten pertsonei elikagaien manipulatzaile lizentzia eskatzea dago, eta gauerditik aurrera (00:00) txosnek 80 dezibelio baino gehiagoko “zaratarik” ateratzeko debekua. Ordutegia ere udaletxeak erabakiko duela ezarri du arautegi berri honek.
Era berean, arautegiak txosnen kokalekuaren inguruko irizpide berriak ezartzen ditu, bai eta betebehar tekniko batzuk ere (elektrizitateari dagokionean, sute arriskuen aurrean…). Horien artean, edaria erabilera bakarreko ontzietan edo birziklagarriak direnetan eskaini beharko dela.
Horiek ez dira baina arautegi honek ezartzen dituen muga bakarrak, Biktimen 4/2008 Legeak jasotzen dituen hainbat erizpide jasotzen dituelako aipatutako dokumentuak; biktimen duintasuna iraintzea, elkarbizitza arriskuan jartzea edo eta jai ekintzen normaltasuna eta egokitasuna aitatzen baititu testuak.
Arautegi berria behin betiko onartu baino lehen, publikoki erakutsiko da 30 egunez eta alegazioak egin ahal izango zaizkio. Arau hauek ez betetzeagatiko zigorrak ere aurreikusten ditu gaur osoko bilkuran adostutako dokumentuak.
Amurrioko ezker abertzaleak gogor kritikatu du erabakia
Orainartean ondo funtzionatu duen hitzarmena ordezkatzera datorren arautegia gogor gaitzetsi dute Brasi Bartolomék eta Belén Ortueta ezker abertzaleko zinegotziek. Salatu dutenez, “ festa eredu bereziki kontrolatzailearen eta zentsuratzailearen isla da arautegi hau, Euskal Herriaren errealitatea desitxuratzen du, bai eta auzolanerako eta festa herrikoiagoak antolatzeko prest dauden herritarrak ere”.
Jai eredu parte-hartzailearen aurkako eraso bat dela salatu dute zinegotzi hauek, eta baldintza tekniko berrietatik haratago, bestelako irizpide horiekiko ardura adierazi dute. “adierazpen askatasuna praktikatzen duten herritarren artean erantzuleak, legeak eta zigorrak” bilatzen omen dituelako udaletxeak.