Datorren maiatzaren 28rako, datorren zapaturako zita luzatu diote Laudio eta Aiaraldeko gazteriari, eta egun osoan zehar gazteen auto-askitasuna eta gauzak aldatzeko grina erakusgai jarriko dute herri guztian zehar egingo diren hamaika ekimenetan.
Asko baitira, eta publiko guztientzako, gazte egun berri honetan prestatu dituzten jarduerak: Goizean gozi, haurrentzako jolasak, aizkolari gazteak lanean eta jaietan horren arrakastatsua izaten den eskupilota txapelketa besteak beste.
Eguerdi parterako egin dute bazkarirako zita, eta nola ez, mus txapelketa ospatuko da bazkalostean. Segidan herri kiroletaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, eta arratsaldeko lehen orduetan kale kontzertuak izango ditugu; Goaz, Apurtu arte eta Aski da taldeek kalean eskainiko dute euren jarduna.
Iluntzeko 20:30etan Fit a Fik taldearekin poteoa eta 21:30etan Kalejira aldarrikatzailea egingo da herrian zehar. Kalejira bukatzeko Ekitaldia prestatu dute Laudioko Gazte Asanbladako kideek, eta bokatada herrikoiaren ostean kontzertuak gaztetxean: RPV, Herrikadak eta Izate Faltsua taldeekin. Ondoren DJ´Mikel eMe eta DJ´Duff Punk-ek emango diote amaiera Gazte Egun honi.