Hamar urte bete berri dituen Laudioko Basalarrina euskara elkarteak "Laudion euskarak pauso bat harago" egitasmoaren baitan jaialdia antolatu du larunbat honetarako. Jakina denez, egitasmo honek Laudion euskara normalizatzeko 653 norbanakoren eta 49 eragileren atxikimendua jaso du, besteak beste Laudioko Udalari zein herriko eragileei euskararekiko konpromiso handiagoak har ditzatzen eskatuz. Era berean, iaz Udalak Osoko Bilkuran (2009-05-25) Basalarrinaren eskariz aurrekontuen %2 euskarari eskaintzeko akordioa onartu zuen, oraindik ere betetzen ez duen arren (www.laudioneuskaraz.org).
Hortaz, Laudion euskarak urrats gehiago eman ditzan, maiatzaren 22rako eta herriko makina bat elkarterekin elkarlanean (Apill, Ttuntturro, Patin tailerra, Uhinak, Aiaraldea, Untzueta, Basalarrina, jai kuadrillak, Kirikiño, AEK, Fitafik, Berbalagunak, Bertso Eskola...) adin guztiei zuzenduriko egitarau oparoa antolatu dute. Helburua agerikoa da: laudioarron artean euskararen erabilera sustatzea. Horrexegatik, antolaturiko ekintza guztiek euskararen erabilera bultzatzea izango dute ardatz. Haurrentzako tailerrak, ardo dastaketa ikastaroa, bertsolariak, berbalagun bazkaria, zuzeneko irratsaioa, mus txapelketa, kantu kalejira, karaokea... euskara praktikatu nahi duenak non aukeratua izango du.
Berbalagun bazkarirako txartelak 5 euro balio du eta ostegunera arte AEK euskaltegian eta Arrañopen eskuratu ahal izango da.