Arrain Abisalak
“Ez dakit orain oso ondo noiz hasi nintzen konturatzen, bizitzak eta heriotzak, elkarren antz handiegia zutela, gauza onerako (...) Nonbait irakurritako pasarteren bat izango zen beharbada (...) liburu batekoa akaso. Edo tabako pakete batekoa. Las autoridades sanitarias advierten que...
Hasieratik dakigu, noski: hiltzeko jaio gara. Baina aparteko bi gauza balira bezala hitz egiten dugu gehienetan (...). Edo (...) txanpon baten bi aldeak balira bezala. Elkarren ondoan baina elkar ikusi gabe. Ez gara ohartzen aurpegi bera dela txanpon faltsu horren bi aldeetakoa. Las autoridades sanitarias advierten que vivir puede matar.”
Honela hasten da Xabier eta Martin anaiek elkarlanean idatzitako nobela beltza.
Hilketa bat gertatu da, non? Herri batean, hementxe bertan; noiz? Bart gauean; nor da hildakoa? Kanpotarren bat, seguru. Ba ez, bertako bat, geure koadrilakoa gainera.
Eta hor hasten da heriotzaren erruduna bilatzeko korapilatuz joango den ikerketa paralelo bat. Alde batetik, Ertzaintzak abiatuko duen ikerketa poliziala eta bestetik, hildakoaren koadrilako lagunek berek martxan jarriko dutena. Azken hau izango delarik nobelaren ardatza eta istorioaren mamia osatuko duena.
Orrialdez orrialde, intriga, tentsioa eta suspentsea gorago, ezin asmatuzko bukaerara ailegatu arte. Kapituluak motzak, nire uste apalean edo “en mi opinión en la estantería”, behar diren bezala; aurrekoak sortu dizun jakingurak hurrengoa irakurtzen hasteko gogo biziz utziko zaituena.
Trama korapilatsuaren pertsonaiak, ugari eta ondo landuak, bakoitzaren istorio eta berezitasunekin osatuko den koktelean, azkenean, koadrilako edonor bihurtuko zaigu krimenaren susmagarri.
Protagonista diren Tasio eta Ugarteren eskutik ibiliko gara matazaren haria orain askatzen, orain txirikordatzen, orain are gehiago trabatzen: pertsonaien arteko harremanen alde iluna, ezkutuzko sentimenduak, ekintza aitortu ezinak, gezur erdiak, egia-ez-osoak... hau guztiau taberna, tabakoa, kafea eta alkoholaren inguruko giroan sartua. Izan ere, azpimarratzekoa da Ilargi tabernak berak eleberrian hartzen duen lekua, beste protagonista bat bailitzan.
Eta amaitzeko, azken aipamen bat: “Arrain abisalak” izenburuari dagokiona. Paralelismo bat ezartzen da arrain hauek bizi diren eremuaren ezaugarrien eta kontakizuneko pertsonaiek bizi duten egoeraren artean. Arrain abisalak itsas hondoko milaka metrotara bizi dira, argia heltzen ez den abisal deituriko eremuan, erabateko iluntasunean eta presio ikaragarri baten pean.
Nobela beltza maite duzuenok eta oraindik genero honetan murgildu ez zaretenok gozatuko duzue benetan Etxeberria anaiek borobiltzea lortu duten istorio erakargarri honekin.
Eta zu, irakurle,non egon zinen bart? Ingurumari guzti honetan, zer duzu zuk ixiltzeko?