Maiatzaren 12an Fibromialgia eta akidura kronikoaren eguna ospatzen dela eta, Nerbioigoienako AFAN elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu gaitzaren berri jendartean emateko.
Jardunaldi hauetan gaitza ikertzeko eta autoritateak zentzu horretan konprometitzeko deialdia kaleratu nahi izan dute. Jardunaldiak atzo hasi ziren dokumental baten proeikzioarekin. Eguerdian Lamuza plazan “Ez ezazu mina pairatu, errebelatu zaitez” zioen pankarta baten atzean konzentratu ziren “gaitza jendartean ezagutarazteko”. Ondoren bazkaria izan zuten elkarteko kideek eta arratsaldean Bilbora jo zuten bertako beste elkarte batzuekin biltzeko. Era berean, gaur osteguna, stand txiki bat jarriko dute Laudioko Aldaikoerreka plazan azoka egunera hurbiltzen diren pertsonei gaitzaren berri emateko. Datorren maiatzaren 17an eta 24an meoria hobetzeko tailerrak antolatu dituzte AFANekoek, kultur etxean izango dira 18:00etatik 20:00etara.
AFAN elkarteak bost urte daramatza gaitza aiaraldean ezagutera ematen eta ondoez hau pairatzen duten pertsonak aholkatzen eta laguntzen. Jorge Juez taldeko ordezkariak adierazi digunez, elkartearen asmoa “gaixotasuna sufritzen duten pertsonei gaitzaren inguruan sortzen diren tratamenduen berri ematea da, bai eta instituzioen aldetik konpromezuak biltzea ere”. Urtean zehar gaitzaren minak apaltzeko musikoterapia saioak, erlajaziozkoak eta tratamendu termalak antolatzen dituzte elkarteko kideentzat. Zentzu horretan positiboki baloratu du Juezek Aiaraldeko instituzioek eta Foru Aldundiak ematen dieten laguntza, ikastaroak antolatzeko dirulaguntzak emanez, azpiegiturak eskainiz eta abar.
Informazio gehiago nahi duenak edo eta elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak telefono honetara deitu dezake: Jorge Juez, 654 12 19 46