Amurrioko musika eskolak Maketa Lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du, eta lanak aurkezteko epea irekita dago jadanik, maiatzaren 16ra arte. hain zuzen ere.
Lanak aurkeztu ahal izateko bi baldintza jarri dituzte antolatzaileek; alde batetik SGAEn erroldaturiko diska argitaraturik ez izatea, eta bestetik taldekideetako bat behintzat Araban (edo Urduña hirian) erroldatua egotea.
Epaimahaian Amurrioko musika eskolako irakasleak izango dira eta jasotzen dituzten lan guztien artean aukeraketa bat egingo dute lehenik eta behin. Bigarren urrats horretara igarotzeko aukeratuak diren talde zein bakarlariek, euren lanak jendaurreko emanaldi batekin defendatzeko aukera izango dute. Emanaldi horiek ekainaren bukaera aldean izango dira Amurrioko Musika Astea ospatzearekin batera, eta talde bakoitzak ordu erdiko tartea izango du.
Emanaldi horietan epaimahaikideek erabakiko dute zein den aurtengo talde edo bakarlari irabazlea. Iragan edizioetan gure artean ezagun egin diren “Euri Ttanttak” eta “From Lost To the River” moduko taldeak suertatu dira irabazle.
Finalistek 400 €ko bonoak eskuratuko dituzte musika tresnetan gastatzeko, eta irabazlea datorren urteko Amurrioko Musika Astean kontratatuko dute. Aukera paregabea hasi berri diren taldeentzat, beraz, eta oholtza ikusgarria parte-hartzaile guztientzat.
Aurkezteko baldintzak
Lanak, ahal den neurrian, CD formatuan aurkezteko eskatu dute antolatzaileek. Era berean, taldearen kurrikuluma aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek: taldekide kopurua, musika-tresnakk, bai eta harremanetarako telefono zenbaki bat ere. Taldekide guztien NAN-aren fotokopia eta errolda agiri bat behintzat aurkeztea da bete beharreko azkenengo baldintza.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero Amurrioko musika eskolara jo ahalko dute interesa duten pertsona eta taldeek. Telefono zenbaki honetara deituz: 945 39 31 87 edo helbide elektroniko honetara idatziz: a_musica@terra.es