Kaleratutako prentsa oharrean Ezker Abertzaleko zinegotziek adierazi dutenez, “Jon karla Menoio eta Unzaga alkateordeak, bi langilerekin batera espainiar bandera udaletxeko teilatuan jarri zuten goizeko 6etan”. Aldez aurretik inori jakinarazi gabe eta langileen lan orduetatik kanpo egin izana salatu du ezker abertzaleak, eta alkatearen eta alkateordearen jarrera Francorenarekin alderatu du espainiar bandera inposatzeagatik.
Kaleratutako oharrean, duela hilabete bat egin zen Osoko Bilkuran espainiar bandera ez jartzea erabaki zela adierazi dute, eta erabaki honek “gure herrian nagusi den sentimenduarekin” bat egiten duela, “ sentimendu argia; inposaketa, indarkeria, zapalkuntza, giza eskubideen ukazioa… eta Euskal herriaren ukazioaren ikur den bandera espainiarrarekiko”.
Alkatearen eta EAJren jarrera gogor gaitzetsi dute ohar honen bidez; “Gutxi axola zaie PNV eta Menoyori herriak edo Osoko Bilkurak esandakoak. Herri honetako lehenengo alkate ez-legitimoak (sufragio unibertsal barik eta iruzurraren bitartez alkatetza lortu baitzuen) eta bere azken botere esparruak eta negozioak PSOE eta PPrekin egiten dituen itunen bidez salbatzen saiatzen ari den PNVk, ez dute inolako arazorik gure herrian espainiar bandera jartzeko, salbuespen egoera babesteko eta -besteren artean- eskoletan umeak espainiar konstituzioan doktrinatzeko, lotsagabe halakoak”.
Erabaki berri hau “demokraziaren defizitaren erakusgarri” dela adierazi dute; “Nola daiteke 2010.ean oraindik ikurriña jartzeko eskubidearen alde, erakunde politiko guztien eta egitasmo politiko guztien legalizazioaren alde borrokatu behar izatea 70. hamarkadaren bukaeran bezala?”.
Bukatzeko dei berezia luzatu diete herritarrei eta EAJko militante eta jarraitzaileei ere gertaera larri honen aurrean euren kontrako karrera adierazi dezaten eta “ ondorengo egunetan antolatuko diren ekitaldietan parte har dezaten”.