Laudion ospatutako azokaren ondotik, Amurriori egokitu zaio oraingoan literaturaren eta liburuaren erreferentzia bilakatzeko txanda. Atzokoan ireki zituen ateak Amurrioko VIII. Liburu Azokak, eta antolatzaileen esanetan, Laudion ospatutakoa bezain arrakastatsua izatea espero dute.
Bertan, euskal literaturaren azken argitalpenak aurkituko ditugu, bai eta azkenaldian asko eskatzen diren sukalde-liburuen sorta oparoa ere. Iraukurzaletasuna sustatzeko, argitaletxeek % 10eko deskontuarekin eskainiko dituzte liburuak bertan.
Larunbat arratsaldean Jon Arretxek eta José Javier Abasolok liburuak sinatuko dituzte.
Azoka Guk eskulturaren inguruetan kokatua egongo da apirilaren 22tik datorren igandera arte (apirilak 25), eta ordutegia ondoko hau izango da: 11:00etatik 14:00etara goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez.
Bestalde, Liburuaren Nazioarteko Eguna gaur ospatzen dela probestuta, Amurrioko udaleko Kultura Sailak herri topaketa txiki bat antolatu du literatura gaitzat hartuta: arratsaldeko zazpietan izango da kultur etxean. Edonork parte hartu ahal izango du bertan; testu bat aukeratu, bertara eraman eta irakurrita, iritziak elkar trukatzea eta literaturaren gaineko solasaldi atsegina izatea da helburua. Antolatzaileek sorpresa txiki bat gordetzen dute parte-hartzaile guztientzat.