Mendiak Aske taldeak, Zanpazu Bizirik herri plataformaren eta Mendiko Lagunak taldearen laguntzarekin Amurrioko Bañueta kiroldegian jarri duen argazki erakusketa datorren apirilaren 10era arte egongo da ikusgai. “Eolikoak bai, baina ez horrela” erakusketa honekin industria eolikoaren eraginak argazkitara bildu nahi izan dituzte eta “mendiak industrializatu nahi dituzten interes ekonomikoak” salatu: “Mendiak Aske plataforma energia berriztagarriak era arrazional batean kokatzearen alde dago eta zentzu horretan bat egiten du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioek sinatutako txostenarekin non mendietan haize errotarik ez jartzea eskatzen duten. Araba aukeratu dute triskantza izugarri hau egiteko, 14 zentral eolikoa jarri nahi dizkigute gure mendietan eta ez gaude prest hau onartzeko. Horregatik mobilizatzen gara Diputazioaren aurrean ostiralero arratsaldeko zazpietan”.
Erakusketara hurbiltzen diren pertsonak, argazkiak tamainu handian ikusteaz gain, etxera eraman hal izango dute Mendiak Aske taldeak berariaz prestatutako CD bat. Euskarri honetan proiektu eoliko hauen gainean duten iritzia plazaratzen dute hainbat argazki eta bideo montaiaren bidez.
Bestalde, joan den aste honetan Zanpazu Bizirik herri-plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu Aiaraldean desarrollismoa eta eolikoak gaitzat hartuta. Honela, martxoaren 22an Laudion ospatutako hitzaldian (“Aiaraldeako Mendiak mehatxupean”) herri plataforma honek gure eskualdean industria eolikoak ezarri nahi dituen haizerrrotak izan zituen mintzagai. Martxoaren 25an, Iñaki Urrestarazu Udala Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak desarrollismoa izan zuen mintzagai Laudioko Gaztetxean.