Arabako Osasun Sistema Publikoak prebentziorako ginekologia azterketak egiteari utziko diola adierazi du.
Hemendik aurrera Arabako emakumeek ezin izango dute urteroko azterketa ginekologikoa egin, Osakidetzak adierazi bezala. Egoera berezietan bakarrik jo ahal izango dute: sintomaren bat adieraziz gero, haurdunaldi eta erditze kasuetan, antisorgailu hormonalak hartzekotan eta bular edo utero minbizia detektatzeko , medikuak espezialistarengana joateko txartela ematen badie.
Osakidetzak, bere aldetik, ginekologia azterketak urtero egitea “beti eraginkorra ez dela” frogatuta dagoela eta zerbitzuak “arrazionalizatu” behar direla adierazi du.
Horrela, hemendik aurrera “osasuntsu” dauden 50 urtetik beherako pazienteak hiru edo bost urtetik behin joan beharko dira ginekologora zitologia egitera.
Ondorioz, urteroko azterketak egiteko ginekologia zerbitzu pribatuetara jo beharko dute emakumeek.
Urteetan, Osasun Sistema Publikoak azterketak gaixotasunak saihesteko garrantzitsuak direla esan izan du eta horregatik neurri honek ustekabean hartu ditu hainbat mediku. “Orain emakume asko galduta daude eta gu gara azalpenak eman behar ditugunak”, dio mediku batek Diario de Noticias de Álava egunkarian.
Bestalde, Aiaraldeko Ezker Abertzaleak ginekologia lanpostu berri bat sortzeko Aiarako Koadrilako osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioak ez du aurrera egin.
Egun ginekologo bakarra dago eskualde osoan, 19.000 emakumeentzat, eta gainera Laudion dago. Itxaron zerrenda hiru eta lau hilabete artekoa da.