Ia hiru hamarkada eman ditu Garik Euskal Herriko rock eszenan dir dir egiten, eta azken urteotako ibilbidea ikusita ez du ematen bertatik jaisteko motiborik dagoenik. 0-tik hasi eta esperantzara kondenatu ostean erredentzioa ekarri digu 16 lore oparituta.
16 lore, bere kantu zahar eta berrien berrikusketa da, oso modu askean egina, konplexu gehiegirik gabe aukeratu eta moldatutako lore sorta. Betiko abestiak bai, baina konponketa berriekin eta akustikoan atonduak.
Gariren ibilera ziklikoa izan da: proiektuak bukatu, berriak hasi, bizioaren aurpegi guztiak ezagutu, dena utzi, lur jota alde egin, energiaz itzuli… zurrunbiloa zena errota bihurtua. Horrenbeste energia daukan musikariak hori dauka ona: ezin dela desagertu, eta transformatu beharra daukala. Bere azken diskoa ere ziklo baten bukaera bezala uler daiteke, transformazio baten urrats bezala.
Errekopilaketa, zuzeneko, birargitaraketa eta halakoen bitartez atzera begiratzea susmagarria izan ohi bada ere, 16 lore hauek ez daukate akabatuaren kiratsik, are gutxiago, diskoen salmenta mauka ez denean, eta Gari goranzko norantzan dagoenean. Rock and Rollak ez du dirurik ematen, eta batzuen sormena beti bezain handia izanen da.
Gariri buruz irakurri dut Zidane bezalakoa dela, gaztetan indartsua eta ondoren zuhurra, klase handikoa, “gaizto” puntu beharrezko hori daukana …eta kide onak inguruan izaten dakiena.
Oraingoan Ines Osinaga eta Patti Smith beraren kolaborazioak izan ditu, besteak beste. Azken honekin zuzenean jotakoa da abesti-loreetako bat, Gasteizen entzun zuen ahots horrekin liluratuta gelditu omen baitzen Patti, Ray Ban horien atzean zegoena euskal rockaren ikono bat zela jakitun izan gabe, ziurrenik.
Diskoa zuzenean defendatzeko aukeratu duen formatua ezin xumeagoa da: Garik ahotsa kitarra elektriko eta akustikoa, programazioak eta perkusioak eta Miguel Moyanok, berriz, kitarrak, mandolina elektrikoa, teklatuak, programazioak eta bigarren ahotsak. Less is more, agian.
Ez dut aspaldi zuzenean ikusteko aukerarik izan, eta pentsatzen jarrita ez legoke gaizki horretarako gehiegi mugitu behar ez izatea, alegia Gari aiaraldera hurbiltzea. Eta eskatzen hasita, Ines Osinaga ere etor dadila musika onaz gozatzeko gose gara eta.