Gazte Topaketa Sozialistak eginda, GKSk bizitza politikoa sustatzen jarraitzeko asmoa adierazi du

Erabiltzailearen aurpegia Gedar langile kazeta 2019ko api. 9a, 12:50

Eskualde ezberdinetako gazte ugari bildu dira Laudion egin berri dituzten topaketetan. GKS-k egungo erronka politikoei “ildo sozialistaren baitan modu eraginkorrean erantzuteko bitarteko ezberdinak” eskaini dizkie bertaratu direnei.

Pasa den asteburuan izan dira Gazte Koordinadora Sozialistak antolaturiko Araba eta Bizkaiko Gazte Topaketa Sozialistak, Laudion (Araba). Ostiral arratsaldetik igande arratsaldera arte, hainbat hitzalditan eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Era berean, otorduak, loaldiak, kontzertuak, bertso saioak eta jolasak ere partekatu dituzte. Laudion GKS-k eskaini duena ez da beraz formakuntza teoriko eta praktikora soilik mugatu; izan ere, GKS-ren hitzetan, “hausnarketa kritikorako elementuak garrantzitsuak dira, baina ildo politiko sozialista ehuntzeko oinarrian borroka komunitate osasuntsu baten eraikuntzak duen garrantzia berebizikoa da”.

Ostirala
Apirilaren 5ean, ostirala, arratsaldeko 17:00etan izan zen harrera Laudioko Gaztetxean.

Horren ostean, “babes sareak” mintzagai izan zituen mahaingurua izan zen. Bertan, nazional mailako zein maila lokaleko eragile ezberdinek parte hartu zuten: Unibertsitateko Indar Batasuna, Itaia, Hernaniko Babes Sarea eta Gasteizko Birjabetze Kolektiboa taldeko kideek euren ikuspuntu politikoa eta praktika politikoaren oinarriak plazaratu zituzten.

20:30ak inguruan amaitu zen mahaingurua, eta 21:00etan izan zen afaria. Afariaren ostean, eguna bukatzeko, Ziakhus rap musikariak kontzertua eskaini zuen.

Larunbata
Larunbatean, hilak 6, gau hotzari aurre egin ostean, 08:00etan hasi zen eguna gosariarekin. Egun luzea zuten aurretik bertaratuek eta indarrak hartzeko eta gorputzeko tenperatura egokitzeko parada bikaina izan zen gosaria. Izan ere, bi hitzaldi mamitsu zituzten aurretik bazkalordura arte.

Bata, “gazte problematika” kontzeptuaren edukia zehaztea eta beroni erantzuteko antolaketa politikoaren oinarriak hausnartzeko elementuak mahaigaineratzea helburu zuena. Bestea, krisi kapitalistaren testuinguruan “elkartasuna antolatzearen beharra” zergatik eta nola bistaratzen den eta erronka horri modu eraginkorrean erantzuteak galdegiten dituen baldintzez hausnartzea xede zuena. Bertaratutako jende kopurua zela medio, hizlariek euren saioa bikoiztu beharra izan zuten eta bi areto ezberdinetan izan ziren hitzaldiak. 09:00etan hasi eta 11:00ak arte lehen saioa eta orduerdiko atsedenaldiaren ostean, eta hizlariak aretoz aldatzearekin batera, goizeko bigarren hitzaldia. 13:00ak aldera amaitu zuten goizeko blokea.

Eguraldia lagun, bazkarirako azken prestakuntzak amaitu eta 14:30ean izan zen bazkaria. Ondoren, goizeko eduki teorikoa alde batera utzi eta logistika tailerrak izan ziren, 16:00etatik 18:00etara. Bertan azpiegitura lanetarako oinarrizko ezagutza praktikoak eskuratzeko aukera izan zuten parte hartzaileek: elektrizitatea, iturgintza eta sarrailagintza landu zituzten, zehazki.

Segidan, “Kluedo Erraldoia” jolasa gauzatu zuten Laudioko kaleetan barrena. ‘Nork hil du enpresa burua?’ izenpean, pista jokoan elkarlanean aritu ziren gazteak, 18:15etik 20:00etara.

Saioa amaitu ostean, topaketetarako Gazte Koordinadora Sozialistak prestatu zuen ekitaldi politikoa izan zen Laudioko Gaztetxean. Neurriz eta indartsu aritu ziren hizlariak, sozialismoaren aldeko borroka indartzeko deia luzatuz eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko oihua zabalduz.

Eguna amaitzeko, aldiz, bertso afaria egin zuten. Bertan, hiru bertsolari aritu ziren afal osteko giroa berotzen.

Igandea
Atzoko eguna goizeko 09:00etan hasi zuten, gosariarekin. Atzokoaren muina harreman eredu komunisten nolakotasunaz hausnartzea eta langile klasearen eta kulturaren arteko harremana ulertzeko gakoak eskaintzea izan zen. Horrela, 09:30ean hasi eta 11:30ak arte “zaintza eta elkartasunaz hausnartzen” aritu ziren: harreman eredu kapitalistari egindako kritika iraultzailetik abiatuta, zaintzan eta kolektibo berrian oinarritutako harremanen eraikuntzari heltzeko bidea argitzen aritu ziren ITAIA sareko bi kide. Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ostean, “klasea eta kultura” jorratu zituzten, 14:00ak arte luzatutako hitzaldian. Kulturaren antolakuntzaz eta antolakuntza zein militantzia iraultzailea kulturaren erdigunean kokatzearen beharraz aritu zen hizlaria.

14:30ean izan zen bazkaria, eta horren ostean txukunketak burutzeko auzolanarekin eman zieten amaiera topaketei.

Balorazioa
Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi duenez, bere lehen ekimen publikoak jarritako helburuei “modu eraginkorrean” erantzun die, eta hori ildo politiko sozialista goranzko joeran aurkitzen denaren seinale da. GKS-ko kideentzat, “Gazte Topaketa Sozialisten helburua ez da soilik miseriak zeharkatutako errealitate sozialaren hausnarketa kritikorako elementuak eskaintzea”. Izan ere, “kritika ez da pentsamenduaren esferan gauzatzen, praktikan soilik gauzatu daiteke”.

Horregatik, “printzipio eta balore komunistek gidatzen duten praktika politikoak duen potentzia iraultzailea ehuntzea eta antolatzea da eta izango da Gazte Topaketa Sozialisten tresnak duen helburu behinena”. Zentzu horretan, “pasa den asteburuan Laudion bizi izan dugunak borroka komunitatearen praktika ildoak definitzera bidean aurrerapausu kualitatiboa” suposatu duela adierazi dute. Azken finean, “jakintza eta gaitasunak kolektibizatzea lehen pausu bat besterik ez baita, dekadentzian aurkitzen diren harreman ereduak gainditzera eta berauen iturri den botere burgesa deuseztatzera bidean. Guk argi dugu beharrezkoa dela bizitza politikoa sustatzen jarraitzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide