Amurrioko Nerbioi Errugbi Elkarteak sasoi berriari ekingo dio. Hain zuzen ere egitasmo honen hirugarren denboraldia izango da. Aurrekoetan bezala, elkarteak aurretiaz izena emateko aukera eskaini du aurtengoan ere. Irailaren bukaerararte 2013/14 denboraldian parte hartu nahi duten gazteentzako epea zabalik dago.
Baldintza bakarra, 2000tik aurrera jaiotakoak izatea da. Izen-ematea doakoa da eta elkartearen webgunean egin daiteke edozein unetan. Jokalari gazteen datuak utzi eta taldea familiarekin harremanetan jarriko da zuzenean, errugbiaren kultura eta filosofia ezagutarazi eta zabaltzeko intentzioarekin.
Ekainean, Harian albistegian taldeko entrenatzaileari egindako elkarrizketan, errugbia kontaktuzko kirola dela aitortu zuen, baina umeek kontaktua gogoko dutela gogoratu zuen. "Arau oso zorrotzak ditu kirol horrek eta zintzoa izatea oso garrantzitsua da, beste kirolari bat kaltetzeko arriskua dagoelako ez ezik, epaileek kiroltasun eza gogor zigortzen dutelako", adierazi zuen.