Orain hilabete eskas 3. mailara bueltatzeko txartela erdietsi ostean, Amurrioko Futbol Clubak hastear dagoen denboraldiari begira, aurredenboraldiko prestakuntzari ekin berri dio El Reforreko futbol zelaian. Behin alderdi teknikoa baieztatuta, zeinetan Iban, Iñigo, Felix, Esther, Unai eta Madariak errepikatuko duten, kurtso berrirako plantilla finkatzean datza orain taldearen egitasmoa. Galdos, Steven, Enaitz, Apellaniz, Elejalde, Llano, Gorka Oribe, Zorrilla, Marci, Dani, Eneko,Guinea eta Sapa zuri-urdinen artean izango dira aurten ere, eta beste zenbait izen berriren laguntza izango du gainera taldeak: Borja Pascual, Jon Ander Maturana (atezainak) Adrian Perez, Eneko Candal, Aitor Martinez (atzelariak) Endaitz (erdilaria), oraindik ezagutaraztera emango diren beste 4 izenez gain.
Bestalde, 2013-14rako bazkide kanpainia ireki du klubak, eta bertan adin eta egoera ekonomiko guztientzako aukera sorta mahaigaineratu du, taldearen web orrialdean (www.amurrioclub.es/) ikus daitekeen bezala.
Aurredenboraldi barnean, guztira, 6 norgehiagoka jokatuko ditu Amurriok, eta horietako lehenengoa uztailaren 31ko derbia izango da, etxean, 2. B mailako C. D. Laudioren aurka. Ostean, Sestao Riveren (3an etxean), Santutxu (10ean etxean), Oionesa (17an etxean), Zamudio (6ean kanpoan)eta Baskonia B (20ean kanpoan) izango ditu aurrez aurre.
Urduñan ere bide beretik
C. D. Orduñak kategoria ezberdinetako liga hasieren berri eman du sarean, eta horrela, txapelketa erregionaleko taldea, jubenilena nahiz kadeteena urriaren 6ean ekingo diote lehiaketa ofizialari. Haatik, nesken taldea esperoan jarraitu beharko du denbora batez egutegia esku artean eukitzeko, izan ere, 1. eta 2. liga erregionalak uztartu egingo dira aurten, eta jokatzeko sistema berriaren baieztapenaren zain daude.