1000 pertsona inguru bildu ziren atzo Ellakuriko futbol zelaian Laudioko futbol taldearen igoerako faseko azken partida erabakigarria ikusteko, eta bertan, egun eguzkitsu eta giro paregabean, C.D. Laudio futbol taldeak 2.B Mailarako igoera lortu zuen azkenean, Mar Menor taldeari 1-0 irabazita.
Joaneko partidan Murtzian hutsean berdindu eta gero, Ellakurin gola sartu beharrean zegoen Laudio eta horretarako lanean aritu zen lehenengo zati berdindu batean. Bigarren zatiaren hasiera, ordea, Casteloren mutilek pauso bat aurrera egin zuten eta Tyson eta Germanen lanari esker, batik bat, aukera garbiak lortu zituzten. 68. minutu inguruan iritsi zen gola, sartu berria zen Jarein gaztearen jokaldi bikain baten ondorioz. Eskumatik Mar Menorren defentsa atzean utzi eta pase zehatza eman zion Germani, honek baloia sarean jar zezan. Golak partida etxekoen alde uzten bazuen ere, azken hogei minututan defentsan tinko aritu behar izan zen Laudio, izan ere, Murtziarren gol batek kanpoan utziko lituzke zuri-gorriak.
Partida amaitu bezain pronto zelaian bertan hasi ziren jokalarien ospakizunak, baina ez zen bertara mugatu festa giroa. Ostean, Laudiotik zehar kamioi batean ibili eta udaletxeko balkoira atera ziren ere, herriari lorpen handia eskaintzera. Garaipenarekin, beraz, hurrengo urtean 2.B mailan jokatzeko txartela lortu zuen Laudiok, bere historian lehen aldiz.
Zorionak mutilak!