Paul Basabe eta Natxo Yuste, Arespalditza eta Laudioko bi gazte, hurrenez hurren, Marokon ospatuko den Panda Raideko V. edizioan hartuko dute parte martxoaren 1etik 9ra bitartean. Exijentzia bakarra, 8 eguneko ibilbidea Fiat Panda, Seat Panda edo Fiat Marbella baten egin behar dela da, eta erabili daitezkeen tresna bakarrak brujula bat, errepideen mapa bat eta intuizioa dira, GPS edo antzekoen erabilera guztiz galarazita dagoen bitartean.
Basabe eta Yusteren desafioa ez da kronometroaren aurkako lasterketa irabaztea izango, inondik inora, baizik eta haien abentura sena eta gaitasun fisiko nahiz mentala frogan jartzea. Basamortuko aldaketa klimatikoak direla medio, humorezko klabean gogoratzen dute antolakuntzatik txankletak eta bainujantziaz aparte berokia eta bufanda eramatea eskatzen dutela. Trabesia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango, beraz.
Momentura arte 995 parte hartzaileek eman dute izena Panda Raiderako, inoiz baino gehiago, baina arazo nagusia ekonomikoa izaten jarraitzen duela adierazi dute gazte aiaraldearrek. Aurrekontua 4.000 euro ingurukoa beharko litzateke antolakuntzatik eskatzen dituzten minimoak betetzeko, izan ere, kotxeaz aparte, bidaia, zenbait ordezko pieza, ura (5 litro pertsona bakoitzeko egunero) eta botikina bezalakoak funtsezkoak dira.
Babesle edo diru-laguntzen bilaketan dihardute orain Basabe eta Yustek, aurkitu ezean oso zaila izango zaielako hurrengo urteetan abenturari berriz ekitea. Momentuz aurtengo haien partaidetza baieztatu dute, eta Marokoko Panda Raid gogorrerako prestakuntzan murgilduak daude. Zorte on!