Urtero bezala, krosseko denboraldiak azken arnasak eman ohi dituen sasoi honetan arabako kross txapelketa nagusia antolatu zen atzo ere, urtarrilak 15, Okondon. Zirkuituaren berezko zailtasunari, luzeera (1.424 m) eta desnibelari, alegia, berebiziko hotza gehitu zitzaion eskualdeko onenak bildu zituen zitan. Zirkuitu berriaren bihurritasuna buruz buru topatzeko zirrara zein ezjakinak sortzen dituen zalantzak nabariak ziren atletengan goizeko lehen ordutik.
10etan ekin zioten irteerari lehenengo korrikalariek, hots, kadeteek eta goiz osoan zehar kategoria ezberdinak dantzan hasi ziren. Kadeteekin batera, infantilak, alebinak, juniorrak, benjaminak, jubenilak, promesak eta beteranoak, emakume eta gizonezkoak pasa ziren zirkuitutik, seniorren kategoria gorena baino lehen.
Gizonezkoetan biren arteko gauza izango zela ikusi lehengo kilometroetatik, Mohamed Afaadas eta Jose Almagro gainontzekoetatik aldentzen hasi zirenetik, hain zuzen ere. Amaiera gogoangarria izango zelakoan, baina, Almagrok ezin izan zion bere lehiakideak azken biran ezarritako erritmoari eutsi, eta azken metroak bakarrik egin ostean Afaadasek jantzi zuen txapela. Lasterketako hirugarren postua Hector Llanosentzat izan zen, baina gipuzkoar lizentzia zeukala eta, ezin izan zen kaxoira igo eta Iñigo Gutierrez-Barquin artziniegarrak hartu zuen bere postua.
Emakumeen senior kategorian Raquel Llamas izan zen garailea Itxaso Escondrillas laudioarra eta Laura Garciaren aurretik. Azpimarragarria Ekiñe Unzaluren esfortzua, promesa izanik Garciaren aurretik sailkatu baitzen orokorrean.