Patricia Pinedo Amurrioko eskubaloi jokalari profesionala da, Itxakon hegaleko bezala jokatzen duena. Hilabete honetan Brasilen antolatu den Munduko Txapelketan estreinako aldiz brontzezko domina lortu du Espainiako Selekzioarekin, eta munduan zehar bere herriaren eta Aiararen izena zabaldu du kirol honetan.
Noiz eta nola hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Txikitan, 11-12 urterekin Amurrioko Lucas Rey eskolan hasi nintzen eskubaloian jokatzen. Hasiera batean, kirol guztiak probatu nituen baina bat aukeratu behar, eta garai hartako eskubaloiko entrenatzaileak gomendatuta eskubaloia hautatu nuen.
Hainbeste urteko lan gogorraren ostean Munduko Txapelketan brontzea lortu duzu aurten Sao Paulon. Kirolari bezala zure sabaia jo duzula pentsatzen duzu?
Bai, zuk esan bezala sabaia jo dudalakoan nago, urte asko daramazkit eskubaloiaren munduan eta lortzen dudan lehenbiziko domina da, brontzezko domina bai, eta gainera munduko txapelketa batean, zoragarria!!!
Eskubaloi jokalari profesionala izateari utzi ondoren, zer egingo duzun pentsatu duzu?
Ohiko galdera izaten da goi mailako kirolarien artean… eta gaur egungo lan munduaren egoera ikusita are gehiago. Bere garaian nahiko garbi izan nuen goi mailako ikasketekin jarraitu nahi nuela eta halaxe egin nuen, Euskal filologiako lizentziatura eta lehen hezkuntzako ikasketak egin nituen. Gaur egun frantsesarekin ari naiz, hizkuntza eskolako “niveau avancé”ko titulua daukat, etorkizunean maila gehiago lortzea espero dut.
Nola ikusten duzu gaur eguneko emakume kirolariaren irudia? Zerbait aldatu beharko litzateke?
Egungo emakume kirolariaren irudiari dagokionean, zorionez pixkanaka aldatzen ari da gizartea, izan ere, emakumeon kirol lorpenek egunkarietako lehen orrialdetara eraman gaituzte, jakin badakigun arren kirol egunkarietako portadetako argazkirik handienak Cristiano Ronaldo eta Messirentzako direla. Hala ere, bide onean goaz, jarrai dezagun emakumeon kirolak babesten eta laguntzen, merezi du eta. Aldatu beharreko gauza ugari aipa genitzake, baina komunikabideek batik bat daukazue giltza; zuen esku dago gure ospea, bueno, zuen esku eta gure lorpenen esku, nola ez, baina behin helburua beteta ondorengo guztia zuei doakizue…
Zer aholku emango zenieke kirol munduan tartea irekitzen saiatzen ari diren neska gazteei?
Kirol munduan tartea irekitzen saiatzen ari diren neska gazteei zera esango nieke: eskubaloian gora iristeko ezinbestekoa dela ILUSIOA izatea. Ondoren, oztopo bat baino gehiago gainditu beharko dituzue baina ez etsi, ez kikildu, zuen buruengan konfiantza izan behar duzue eta konstantzia pixka batekin lortuko duzue. Animo neskak!!