Laudioko Nazioarteko XXVIII. krosak ezustetarako tarterik ez zuen utzi handienen kategorietan eta espero bezala, Leonard Komon keniarra gizonezkoetan eta Nadia Ejjafini italiar-marokiarra emakumezkoetan gailendu ziren atzo Ellakuriko lasterketa klasikoan.
Komonek, duela urtebete eskas 10 km-ko munduko marka hautsi zuen atletak, alegia, lasai asko ekin zion lasterketaren hasierari, distantzia luzeetan lehiakideak baino gehiago denaren jakitun. Ez zen probaren erdialdera arte izango non txapeldun sena erakutsiko zuen atleta gazteak, Kidane Tadessek soilik jarraitu ahal izan zuen erritmoa markatuz. Gehiegi izan zen, baina, eritrearrarentzat keniarraren azken sprint-a, eta aldez aurretik zekarren faborito ikurra era ezin hobean berretsi zuen txapeldunak. Bukaeran, Leonard Komon nagusi Laudion, 29:15 minutuko markarekin, Kidane Tadesse eta Adhanom Abraharen aurretik, 29:17 eta 29:47rekin, hurrenez hurren. Lehen euskalduna Ivan Fernandez gasteiztarra izan zen 13. postuan, eta lehen aiararra Mikel Idirin amurrioarra, 23.ean.
Emakumezkoetan, bestalde, Ejjafini Nadia italiar nazionalizatuak lortu zuen txapela, eta baita nagusitasun handiz lortu ere. Lasterketaren hasieratik bertatik 5 atletako talde murriztua sortu zen Nadia Ejjafini, Leonor Carneiro, Rebecca Cheptegei, Marta Tigabea eta Analia Rosaren artean osatua, eta bertan bildutakoen zirrarako ia amaierara arte iraun zuen. Tamalez, azkeneko itzulian espero zen tentsioa bere horretan gelditu zen, italiarrak minutu erdiko tartea atera baitzion bigarren sailkatuari, Leonor Carneiro portugaldarrari, alegia. Podium-aren azkeneko kaxa Rebecca Cheptegei ugandarrarentzat izan zen, meritu handiko lasterketa burutu ondoren Tigabea eta Rosa atzean utzi baitzituen azken metroetan. Penelope Baños donostiarrak lehenengo postua lortu zuen euskal atleten artean, kasu honetan ere 13. sailkatuz.
Gainontzeko kategorietan kolore euskaldunak bete zuen lasterketa burua kasu gehienetan, baina ez zen hori atzoko egunean garrantzitsuena; kirolarekiko zaletasunak markatu zuen igande goiza, eta Euskal Herriko zein Aiarako kirola osasun paregabean bizi dela frogatu zen berriro ere, gazteek erakutsitako grina eta zaletasunaren ildotik.
Kategoria guztietako sailkapenak kontsultatzeko hona jarraian federazioaren orrialde ofiziala:
http://resultados.rfea.es/2012/resultados/cross/cross_llodio.pdf