Nik horrela ikusten zaitut

Erabiltzailearen aurpegia Geuria 2016ko eka. 17a, 10:23

Pertsona batek ikusmen urria duela kontsideratzen da zuzenketa optiko hoberenaren ostean, bi begietako hoberenean duen ikusmen zorroztasuna 0,2 baino urriagoa denean edo ikusmen eremua 20 baino txikiagoa

Ikusmena gizakiek dituzten bost zen- tzumenetako bat da eta irudiak eta hauen ingurunea bereizteko ahalmena da. Ikusmenaren organoa begia da eta horri esker, inguruko objektuen kolorea, tamaina eta formen intentsitatea hauteman ditzakegu. Argiari esker ikusten dugu: objektuek islatzen duten argiaren bibrazioa begiek jaso eta garunera igortzen dute informazioa, bertan kodi katu dezagun”. Hori da Euskomedia Fundazioak ematen duen ikusmenaren definizioa.

Hala eta guztiz ere, gizakiok ez dugu beti berdin ikusten eta aurki daitezkeen anomaliez gain -miopia, hipermetropia, presbizia edo astigmatismoa- beste akats bat antzeman daiteke ikusmenean eta horren adibide da ikusmen urritasuna izatea.

Ikusmen murriztua du, alde batetik, inolako zuzenketa optiko edota tratamendu farmakologiko edo kirurgiko egokirekin ezin konpon daitekeen eta, beraz, hobetzerik ez dagoen ikusmen-gutxitze larria pairatzen duenak. Beste alde batetik, aurreko egoeraren ondorio gisa egunerokotasunaren berezko jarduerak burutzeko ezintasuna duenak sufritzen du ikusmen urritasuna”, dio Arantza Uliartek (Arrankudiaga, 1970). Ikusmen murriztua du Arrankudiagako herritar honek, sakonki, erretinosi pigmentarioa pairatzen du, eta Basaurira dator astero ingelesa ikastera. Begisare Elkarteko kide da, 1997an Gipuzkoan sortutako elkartea.

Ikusmen murriztua honakoengatik sortzen da: endekapen-makularra, erretinosi pigmentarioa, aniridia, kornean orbainak, erretinopatia diabetikoa, glaukoma edo zain optikoan arazoak, besteak beste. Horien ondorioz, ikusmen narratsa edota erdiguneko, ikusmen-periferiko zein ikuseremuaren zati baten galera sor daiteke.

Egunerokotasunean zailtasunak

Estatu espainiarrean 980.000 pertsona inguruk ikusmen-urritasunen bat du. Horietako 60.000 itsu diren bitartean, gainerako 920.000 lagunek, hau da, biztanleriaren %2,1ak, ikusmen murriztua dute.

kusmen murriztua duten pertsona askok beraien egoera eta jarrerak gizarteak sarri gaizki ulertu edota interpretatzen dituenaren susmoa dutela adierazi du Uliartek, esate baterako motelegi oinez ibili edota jarrera ez-ohikoak izatean. Egoera hau beraien begietan inolako anomaliarik antzematen ez zaien ikusmen desgaitasuna duten pertsonetan ematen da bereziki, begirada egoki zuzen baitezakete.

Pertsona askok ikusmena izaten edo izaten ez den zerbait bezala ulertzen dute eta, era berean, ikusmen arazoak betaurreko edota ebakuntzarekin zuzen daitezkeela uste dute. Horrela, ez zaie ulerterraza suertatzen pertsona bera egoera batzuetan erabateko normaltasunez moldatzea eta beste batzuetan, ordea, laguntza edo bastoiaren beharra izatea”, dio Uliartek: “Ulertzen bereziki zaila suertatzen da ikusmen-eremuan ematen diren akatsak, tuneleko ikusmena deritzona, izan ere, orientatu eta mugitzeko laguntza behar duen pertsonak ez du inolako arazorik bere kabuz egunkaria irakurri edo mugikorraren pantaila begiratzeko”.

Ikusmen mailak

Ikusmen urria duela kontsideratzen da zuzenketa optiko hoberenaren ostean, bi begietako hoberenean duen ikusmen zorroztasuna 0,2 baino urriagoa denean edota ikusmen eremua 20 baino txikiagoa denean.

Ikusmen urritasunarekin ohiturik ez dagoen norbaitentzat itsutasunak ikusmenaren erabateko galera esan nahi du. Hala eta guztiz ere, Arantza Uliartek azaldu duenez, Espainian “legearen aurrean itsu” kontsideratzen dira 0,1 (10/100) edo gutxiagoko ikusmen zorroztasuna edota 10 gradu edo gutxiagoko ikusmen eremua duten pertsonak. Hori dela eta, legez itsu diren pertsona askok mugapen asko izan arren, ikusi egiten dute (mugapen hauek kasu bakoitzaren arabera ezberdinak izan daitezke). Ikusmena guztiz galdu duen pertsona “erabateko itsu” kontsideratzen da.

Bereizgarriaren garrantzia

2013ko abenduaren 17an ‘Ikusmen Murriztua Dut’ bereizgarria sortu zuten Begisare Elkartean. Txapa edota besoko gisa erabil daitekeen bereizgarria da eta “Ikusmen Murriztua Dut” leloaz gain begi berde baten bitartez irudikatzen da. “Sarritan zaila da gu identifikatzea, ez ditugulako beti betaurreko ilunak edo bastoi zuria eramaten. Gainera, gutako batzuk mugikorra edota egunkaria irakurtzeko gai gara. Baina gero, edozer gauzarekin egin dezakegu estropezu”, dio Arantza Uliartek. Horregatik ‘Ikusmen urritasuna dut’ bereizgarria sortzea erabaki zuten. “Mundu guztiak ezagutzea nahi dugu. Horrela, kalean gurutzatzen garenean, kontu gehiago izango duzu gurekin eta segurtasun handiagoa izango dugu gure bizitzan”, dio.

Alemanian edota Austrian aspaldidanik erabiltzen dituzte ikusmen murriztua duten pertsonak identifikatzeko balio duten antzeko bereizgarriak. “Bereizgarria ikusmen murriztua duen pertsona gisa ikusia izatea nahi duen ezgaitu ororentzat pentsatua dago, erabilgarria den ikusmen gradua dena delakoa izanda ere. Era berean, bastoiaren osagarri gisa erabili nahi dutenentzat ere, modu honetara erabateko itsuak ez direla erakuts dezakete”, dio Uliartek.

Oro har, bereizgarri hauek bi helburu nagusi dituzte. Alde batetik, ikusmen murriztua duten pertsonekin interakzio soziala erraztea eta kolektibo honen ulertzea hobetzea, eta bestetik, ikusmen murriztuaren existentziaren inguruan biztanleria sentsibilizatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide