Gure seme-alabak eleanitzak izan daitezen nahi dugu guraso gehienok, eta D ereduan sartzen ditugu ikastetxean. Hezkuntza-sistemak eragin handia dauka haurren hizkuntz gaitasunean, baina ezin du miraririk egin. Itzarrik dauden denboraren %15 besterik ez dute ematen haurrek gela barruan. Kontua da gure herrian haur gehienek ez dutela euskara ia inoiz erabiltzen ikastetxetik kanpo: Arrigorriagan, etxe gehien-gehienetan (%88tan) erdaraz egiten da eta kalean euskararen erabilera ez da %10era heltzen. Beraz, 100 ordutik euskaraz 15 eskaintzen bazaizkie, eta gainerako 85ak gehienbat gazteleraz, zein hizkuntzatan izango dute gaitasun handiagoa haurrek? Zein erabiliko dute errazago? Erantzuna begien bistakoa da.
Arazo horren konponbidea erraza da: ikastetxetik kanpo ere euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea eta lehenestea. Izan ere, euskara eta gaztelania, biak dira hizkuntza ofizialak, baina jakin badakigu ez daudela egoera berean: indarra hartzen, baina ahul dago oraindik euskara; gaztelania, berriz, sendo. Espero izatekoa da, esate baterako, haurrentzat antolatzen diren kirol-jardunak euskaraz eskaintzea, baina errealitatea ez da hori. Iaz egin zen inkesta baten arabera, Arrigorriagako kirol-jardueren %88tan gaztelera erabiltzen dute entrenatzaileek, beti edo gehienetan, D ereduan ikasten ari diren haurrekin. Inkoherentzia handiak ditugu gurean.
Haurrei ez zaie, berez, bururatuko kirolean euskara erabiltzea, ikusi eta ikasten duten helduen jokabidea erdaraz egitea bada. Gurasook badakigu ezin dela dena haurren borondatean jarri. Ikastetxean D eredua aukeratu badugu, ez dugu haurren kirola ere D ereduan eskatu beharko? Bestalde, entrenatzaile batzuek pentsa dezakete erdara erabiltzea jokabide neutroa dela, baina ez da horrela: gaztelania erabilita, ukatu egiten diete haurrei euskara erabiltzeko aukera. Izan ere, aipatutako inkestak erakusten du entrenatzaileak beti gazteleraz eginez gero, haur bakar batek ere ez diola euskaraz egiten; entrenatzaileak beti euskaraz egiten badu, berriz, ia haur guztiek erabiltzen dute euskara. Haurrei euskararen aukera ahalbidetzeko, ezinbestekoa da entrenatzaileak euskara erabil dezan.
Entrenatzaile askok laguntza beharko dute hizkuntz jokabidea aldatzeko, ohiturak aldatzeak esfortzua eskatzen baitu. Euskara nahiko ondo egiteko gauza izan arren, gehienetan erdaraz ikasi dute kirol-mundua, eta kirolak baditu bere esapide eta erregistro bereziak. Baina euskaraz entrenatzeko gaitasuna hobetu egin daiteke, gaitasun fisikoak hobetzen diren moduan. Kirol-elkarteen zeregina da bidea erraztea. Sarri gertatzen da hizkuntz portaera ez dagoela zehaztuta klubeko arauetan eta, egin ezaz, gaztelera bihurtzen dela hizkuntz inplizitu bakarra, eta erdaraz eskaintzen zaizkiela prestakuntza eta bitarteko guztiak entrenatzaileei, euskaraz jardutea oso zaila eginez.
Ahalegin handia egin dute haurrek eta gazteek euskara ikasteko, eta merezi dute euskara erabiltzeko aukera kirolean. Guztiok dugu konponbidearen zati bat: gurasoen, entrenatzaileen, kirol-elkarteen eta instituzioen erantzukizuna da, pausoz pauso, hizkuntz jokabide koherenteagoak zabaltzea haurren kirolean, etorkizunean aukera, gaitasun eta eskubide berdinak izan ditzaten euskara edo erdara erabiltzeko.