Ugaoko institutua erabiltzeko aukera izango dute Arrankudiaga-Zolloko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Geuria 2017ko ira. 19a, 10:44

Ugaoko institutua. / Geuria.eus

Ikasturte berriarekin batera inauguratu dute Ugaon Bigarren Hezkuntzako ikastetxea Usila eremuan. Iazko maiatzean hasi zituen Eusko Jaurlaritzak eraikuntza berriaren obrak eta 16 hilabeteren ostean prest dago 200 ikasle inguru hartzeko.

Orain arte 12 urtetik aurrerako ikasleek inguruko herrietara joan behar izan dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera; hala nola, Arrigorriagara edo Laudiora. Zeberio eta Arrankudiaga-Zolloko ikasleek ere bertan aritzeko parada daukate.

Eraikin berria dagoen eremuak 5.535 metro karratuko azalera du eta eraikinak berak 4.457 metro karratu ditu, hiru solairutan banatuta (beheko solairua eta bi solairu gehiago).

“Eraikuntza efizientea izango da guztiz. Izan ere, eguzki-panelak (panel fotovoltaikoak) kokatu dituzte sabaian eta horrek elektrizitate nahikoa sorraraziko du institutuaren kontsumorako. Gainera, eraikuntza modernoa da, espazio zabalekin eta oso argitsua”, dio Fernandezek.

Institutuak izango dituen instalazioen artean hauek dira aipagarrienak: gimnasio estalia, alboan behar dituen gelekin (952,11 metro karratu); liburutegia eta erabilera anitzeko gela; kanpoko patio irekia (1.800 metro karratu); jangela; 9 ikasgela arrunt eta 2 banaketa gela; plastika gela; musika, dramatizazio eta audio gela; eta zientzia laborategia.

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 4.451.175 euro bideratu ditu obra hauetara.

Proiektua
“Orain dela urte batzuk ohartu ginen Arrigorriagako institutua txiki geratzen zela eta orduan harremanetan jarri ginen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, Ugaon Bigarren Hezkuntzako ikastetxea eraiki zitekeelakoan”, dio Ana Maite Fernandez Ugaoko Hezkuntza zinegotziak: “Ikasle ugaotarrentzat izugarrizko abantaila da udalerrian bertan institutua izatea.

Era berean, Zeberioko eta Arrankudiagako ikasleentzat ere hobekuntza izango da, hurbilago izango baitute Bigarren Hezkuntzako eskaintza”.

Ekaitz Mentxaka alkateak adierazi duenez, “zentro berriari esker gure gazteek ez dute beste herrietara joan beharrik izango eta Ugaoko hezkuntza eskaintza oraindik hobea izango da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide