Zer da MMA?
Joko Olinpikoetan lau borroka kirol daude: boxeoa, taekwondoa, borroka olinpikoa edo grekoerromatarra eta judoa. MMAk lau kirol horiek uztartzen ditu, hau da, borrokaldi berean laurak elkar daitezke. Adibidez, kolpeak eman ditzakezu judoko immobilizazio batean edota boxeoko ‘clinch’ batean taekwondoko ostikadak erabili.
Txikitatik dituzu gustuko arte martzialak.
Bai, hiru urte nituela amak karate klaseetara eraman ninduen eta bertan hamabost urte inguru pasa nituen, unibertsitatera joateko garaia heldu zen arte. Gasteizko unibertsitatean Heziketa Fisikoa ikasi nuen eta bertan ez nuen karate entrenatzeko aukerarik izan eta, beraz, judora aldatu nintzen. Judoa egiten bost bat urte eman nituen eta gerriko beltza atera nuen. Ondoren, Pancrase, muay thai eta jiu-jitsua ere ikasi ditut.
Nola heldu zinen MMAren mundura?
1999. urtean UFCeko (Ultimate Fighting Championship) VHS bat erosi nuen, bigarren edizioa, hain zuzen ere. Orain 215.ean daudela uste dut. Gustatu zitzaidan eta non borrokatu bilatzen hasi nintzen. Egun batean, bat-batean, Bilboko Jesuitasen txapelketa bat egongo zela ikusi nuen eta nire izena eman nuen. Judo eta karate baino ez nekien eta entrenatzaile barik aurkeztu nintzen. Horixe izan zen nire aurreneko urratsa.
Lehiatzeaz aparte, irakaslea ere bazara.
Bai, ONCEn itsuentzako judo klaseak ematen nituen, baina egun ez dago judoa egin nahi duen lagunik eta, hortaz, ‘Kuraia Bizkaia’ nire gimnasioan ditut jarrita indar guztiak. Arrigorriagan dago eta bertan boxeo, kick boxing, MMA eta prestakuntza sikoko klaseak ematen ditut. Gimnasioan ematen dut ia egun osoa. Lanak entrenatzeko aukera ere eskaintzen dit.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Oraingoz, lehiatzea. Oso pozgarria da zure ikasleak hobetzen eta borrokak irabazten ikustea, baina une honetan irakastea baino gogokoago dut lehiatzea.
Uztailean AEBetan lehiatzeko kontratua izan zenuen jokoan. Orain arteko borrokaldirik inportanteena izan al da?
Bai, borroka hori eta Arnold Fighters gau-belakoa garrantzitsuenak izan dira. Azkenengo honetan ‘Pancrase’ enpresarekin kontratua lortzeko parada izan nuen, iazko irailean. Horiek biak izan dira profesional ospetsua izateko izan ditudan lehiarik inportanteenak.
Etxekoak urduri jarriko dira ring edo kaiolara igotzen zaren bakoitzean, ala ohituta daude dagoeneko?
Nire emaztea bai, borrokatzen badakielako eta praktikatzen duelako. Berak badaki noiz nagoen ondo eta noiz ez eta lasai asko ikusten ditu borrokak. Ezberdina da gurasoen eta anaiaren kasuan, eurentzat beti nabilelako arriskupean eta, ondorioz, ez dute disfrutatzen. Nire aitak, adibidez, ez du momentuan batere gozatzen, baina gero, irabazten badut, harrotasunez ematen die bere lagunei nire garaipenaren berri. Nire ama, ordea, ez dago egiten dudan kirolaz batere harro, ez zaio gustatzen, baina begi onez ikusten du jendeak nire lana aintzat hartzea.
Zure osasuna kolokan ikusi duzu noizbait?
Ebakuntzaren bat egin behar izan didate, baina hiltzeko edo lesio larria izateko arriskurik ez dago, horretarako daude epaileak eta segurtasun neurriak. Borrokatzen masailalbo-hezurra apurtu nuen, baina esan beharra daukat izan dudan lesiorik larriena futbolaria nintzenean izan zela, belauneko lotailu gurutzatua hautsi bainuen.
Inoiz pasatu al zaizu burutik lehiatzeari uztea?
Oraingoz ez. Agur esateko eguna helduko da. Une horren beldur naiz, baina oraingoz ez.
Zer esango zenieke MMA ikuskizun basatia baino ez dela uste dutenei?
Borroka kirola da eta agresibitatea badago, baina araudiak onartzen duelako. Kontaktua baimenduta dagoen kirol guztietan basatitasuna dago eta baliteke, ikuslearen ikuspuntutik, MMA basatiena izatea, baina ez da.
Inoiz erabili behar izan dituzu arte martzialak ring-etik kanpo?
Ez, gaztea nintzenean liskarren bat izan dut kalean, baina profesional naizenetik ez.
Eta zer egoeratan egingo zenuke?
Korrika egiten badakit, azkar gainera, beraz, neure burua arriskuan ikusiko banu, alde egiteko prest daukat gorputza, baina ospa egiteko ahalmena ez duen batekin egotekotan, nire amamarekin esaterako, eta bere osotasuna arriskuan balego, ez nuke zalantzarik izango. Horixe izango litzateke egoera bakarra.
Gustatuko litzaizuke zure seme-alabak MMAko borrokalariak izatea?
Bai, bai eta bai! Mutikoa edo neskatoa izanda, kasu bietan, gustatuko litzaidake. Nahi dutena izateko askatasuna emango diet, noski, baina, borrokaren munduan hazi eta heziko dira.
Benetakoa al da borrokalarien artean dagoen giro ona?
Bai, ez dago aurkariekin inongo kontu txarrik izateko beharrik. Harreman ona daukat aurkari izan ditudan borrokalari guztiekin eta ringera igo behar duten bakoitzean zorte ona opa diet, gustuko dut irabazten ikustea eta eurek nirekin gauza bera egiten dute. Ez dago inongo arazorik gure artean.
Non eta nola ikusten duzu zeure buru hamar urte barru?
Neure burua ondo zaintzen badut, agian, lehiatzen jarraituko dut baina ez dut uste (barreak). Urteak aurrera doaz eta ez dago horren kontra ezer egiterik. Beraz, nire gimnasioan jarraitzea eta borrokalari onak ateratzea espero dut.