Hizkuntza ohiturak aldatu ditzakegula eta aldatu nahi ditugula sinistuta, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ariketa sozial erraldoia burutu genuen milaka ahobizi eta belarriprestok.
Izugarria izan zen bai, baina jarri gaitezen orain harago begira. Imajina dezazun zer izango litzatekeen ariketa norbanako moduan egiteaz gain, taldetan ere egingo bagenu. Euskararen erabilerak eztanda egingo luke!
Horra hor Euskaraldiaren bigarren edizioak dakarkigun erronka nagusia: hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa hau espazio kolektiboetara ere ekartzea. Hau da, entitateetan horretarako prest dauden taldeak identifikatu, kide guztien adostasuna bilatu eta ariketa modu kolektiboan egiteko gonbidapena luzatzen digu bigarren Euskaraldi honek.
Ahobizi eta belarriprestez osatutako talde hauei izena ere jarri zaie: ariguneak, hots, euskaraz lasai aritzeko guneak.
Euskaraldiaren motorra herritarrak garela ezin ahaztuta, aurten ere, Aiaraldeko herri batzordeak berraktibatu eta aurreko urteko ilusioa eta elkarlana uztartuz, Euskaraldiaren bigarren edizioa martxan jarriko dugu eskualdean.
Beraz, batu zure herriko batzordera eta has gaitezen 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra gauzatuko den ariketa soziala prestatzen. Oraingoan ere, mundiala izango da eta!