Euskaldunok bizi dugun egoera larrialdi linguistiko gisa izendatzen hasiak gara euskalgintzako eragileok. Alarma gorria sakatu dugu, baina zergatik?
Unescok dio gaur egun munduan hitz egiten diren hizkuntzen erdia mende amaierarako desagertuta egongo direla, eta euskara arrisku egoeran daudenen artean kokatzen du.
Euskararen ezagutza goranzko bidean badago ere, erabileran goia jo dugun sentsazioa dugu. Hiztun askok euskaraz eroso jarduteko gaitasun kamutsa du eta eremu euskaldunetan galerak ematen ari dira. Gauzak ezberdin egiten hasten ez bagara, atzera egiteko arriskua daukagu.
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako zati handienean euskara hizkuntza ofiziala ez izateak ere ondorio larriak dakartza. Eta hau gutxi balitz, azken aldian bizi dugun oldarraldi judizialak erakutsi digu euskara ofiziala den eremuetan ere, euskara biziberritzearen aldeko lege babesak arrakalak dituela.
Globalizazioak eragindako korronte homogeneizatzailea hizkuntza gutxitu eta txikien kontrako norabidean dator, eta bizimoduaren digitalizazioaren eraginez, geroz eta modu indartsuagoan kolpatzen ari da hegemonikoak ez diren hizkuntzak, kulturak eta herriak.
Baina baditugu larrialditik indarraldira jauzi egin dezakegula sinesteko arrazoiak. Honakoa ez da euskara eta euskaldunok egoera larrian egon garen lehen aldia. Honaino iritsi bagara, euskaldunon kemenari eta bizinahiari esker izan da. Gure tokia bilatzen jakin izan dugu. Eta hala egin dugu badakigulako asko dugula irabazteko: euskaraz ere bizi ahal izango den herria herri hobea izango dela; justuagoa, berdinzaleagoa, kohesionatuagoa, eta zoriontsuagoa, azken finean.
Errekan gora doan izokina bezalakoa da euskalduna, korrontearen kontra ari dena. Horregatik, alarma gorria sakatu dugu erreakzio bat eragiteko, larrialditik indarraldira igarotzeko.
Denok dugu eraldaketa honetan eragiteko aukera eta ardura; eta bide honetan bere alea jartzera dator Euskaraldiaren laugarren edizioa ere.
Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna-bide-modu masiboena da Euskaraldia, munduan ez da halako ekimenik inon eta inoiz antolatu. Eta gainera, eraginkorra dela frogatuta dago. Ez da kanpaina edo festa bat; ariketa soziala da, erronkan jartzen gaitu. Ezinbestekoa da, baina ez nahikoa.
Baina berebiziko garrantzia du, premiazkoa delako erabilera sustatzen jarraitzea. Azken hamarkadatan euskararen ezagutza hedatzea lortu dugu, baina hori ez da nahikoa: hiztunak aktibatu eta euskara erabiltzea da, hizkuntzaren normalizaziorako behar nagusiena.
Horregatik, ez dugu nahi Euskaraldia egun jakinetara mugatzen den ariketa soziala izatea soilik. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dugu, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, dinamika soziala indartu.
Eta horren isla ere bada laugarren edizioaren leloa: elkar mugituz egingo dugu. Izan ere, euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz. Lehen hitzetik euskaraz eginda edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu.
Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituztenak. Baina horrekin batera, euskarak mugimendua behar du. Euskaraz hitz egin eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, bultzada herritar indartsu bat behar dugu, mugimendu indartsu bat.