AITZANDIA
Euskal hiru lurralderen elkargunea den Arbarain mendiak beste izen batzuk ere baditu: Irumugarrieta, Mugarrinagusi, Illarragorri; Araba, Gipuzkoa, Nafarroa...Euskal Herria bere ttikian zein handia den! : tontor huts bat izendatzeko, nondik ikus eta, hiru izen, arrañopola!.
Lekua bera ere, Iruñea “euskaldunen hiri buruzagia” eta Gasteiz lotzen duen bidearen gainean, gure historiaren gertaleku egokia, irona izan dugu beti. Sakana edo Burunda haran luze bezain estua hor zabaltzen da eta Arabako ordeka, ordokia edo 'lautada' hedatzen. Gu Hazparrenako Ilarduian hasi eta Ziordira jaitsiko gara.
Hamar bat kilometro baino ez eta bostehun metro gora-behera, egun erdiko ibilaldi erosoa, Eginoko haitzetan gaindi, pagoz beteriko alderdian. Udazken epel honetan mendiaz eta basoaz gozatzeko aukera edo ereti hoberik ez asko. Datorren igandean, azaroak 22, beraz, goizeko zortzietan, ohi bezala autobus-geralekuan, eta arratsaldeko ordu biak hurbil harzara etxean.
Laster, berriz, urteko azken ibilaldia, bazkaria eta guzti, izango dugulako, izen eman nahi duena datorrela, lehen baizen lehen, GOIKOGANEren egoitzara.