XXXV. “LAUDIO IBARRA” IBILALDI NEURTUA
Urriaren 25an, igandearekin, Laudioko mendi-ibilaldi nagusia eginen dugu, Aldai plazatik hasi eta Aldai plaza helmuga delarik. 26 km., goizeko 8etatik ordu bietara bitartean egin beharreko ibilbide gora-beheratsuan, Alpitxu (Albitzu), Goikogana, Kamaraka eta Ganekogorta tontorretan gaindi. Gogorretan gogorrik bada, hauxe gogorra!
Ermuan zehar jaitsiko gara, Iñarrondo mendartean barrena, eta, aurten lehen aldiz, Arrankudiagako lurretan, Otsartetako lepotik Pagobakarrera eta Madalena daritzon zelaittora joko dugu, bertan eraiki berri duten baseliza-aterpe ederra ikustearren.
Esku hartu nahi duenak interneten bidez izen emaiteko aukera du, eta izen eman duenak, oker larririk ezean, etortzeko eskubidea eta, era berean, betebeharra, lokunea edo 'konpromisoa' ere badu. Euskaldunen artean hitza hitz. *
Ez da lasterketa. Nor bere eran ibil daiteke, lekuan-lekuan ipinitako 'kontroletan' iragoz. Hornimendua GOIKOGANEren bizkar bada ere, mendian luze ibilteko behar dena bakoitzak eroan behar, soin-oinetako egokiaz batera.
* Iaz, aurretik izen eman zutenen % gehiegi ez zen agertu.