Baztan “ballean” bada aunitz mendi, aunitz herri dagoen bezala (hamabortz 'kuartel': Elizondo, Elbete, Arizkun, Ziga, Almandotz...) eta mendietan maiteena, Autzarekin batera, SAIOA dugu, hots, gure hurrengo helmuga edo irisgua. Baztan' Euskal Herri osoko udalerririk zabalena izaiteaz gain – eta euritsuena ere eiki - ez dea, 'doike', ederrena?
SAIOA ia Gorbeia bezain garaia, oro larre oro pentze, bago ederrez jauntziriko oihanez inguratua, eta ez hagitz urruti Abartan. Zeharkaldi pullit bat egitekotz, zer gehiago behar dugu? 23 kilometro, doi-doi luze, bazkaria landan aroa lagun, eta arrats apalean etxerat.
Ultzamakoa den Lantz herritik goiti joanen garela eta bertako inauteri ospetsua gogora datorkigu, Miel Otxin eta aiza. Inguru horretan Belate izen handiko mendate, garate edo larrate, noizbait izan zen bezala orai ere Iruñe euskaldunen hiri buruzagiarekin Iparraldeko itsas-hegia lotzeko bide nagusia.
Baztango Berroeta herrian bukatuko dugu, eta aurten NAFARROA OINEZ* Elizondon eginen dela gogoan dugu hartuko. (* Nahiz eta egun horretan, ondikotz, zorigaitzez, inoiz baino ERDARA gehiago entzunen dela jakin badakigu jakin)
Gure ibilaldia hurrengo larunbatean, opeil, jorrail edo apiril ilak 18, izanen da, eta ohi bezala, nahi duenak GOIKOGANE edo MENDIKO taldeen egoitzetan izen eman behar du, bazkide izan ala ez.