SARITUEN JAIA
GOIKOGANE Mendizale Taldeak, duela 55 urte sortu zenetik, bere-berea izan den eguna urtero ospatu ohi du, hots, mendizale saiatuenei irabazitako saria emaiten dien eguna, Sarituen Eguna alegia. Mendizale denak badaki, jakin, kirol honek ez dirurik ez osperik dakarkion jarduera dela, baina, honela eta guztiz ere, “sarittoren” bat beti gogoaren pizgarri eta, honegatik hainbat menditan gaindi, hainbat zeharkalditan zehar, hainbat baso-landetan barrena ibilita zerbait irabazi duenik asko bada. Zahar-gazte, berrogeita hamarrez goiti izanen dira aurtengo sariak.
Urtero legez, Ermuko larrainean, “Santa Luzia” esaten zaion leku ederrean egingo da, eguerdi aldean, sari banaketa. Bertara dadin ororentzat zizka-mizka batzuk ere izanen dira, eta, nahi duenak, aldiz aurretik izen eta ordaina emanda, bazkaritan esku har dezake, herriko jatetxe batean egingo duguna.
Epail edo martxo daritzon ilaren 12an ospatu behar ditugu mendizale sarituok. Eguraldia lagun, gure herriko txokorik maiteenera igaiteko aitzakia ezinago polita, honik lasterreko Santa Luziaren jaia prestatzen hasteko ere txarra ez.