Elomendira goaz

Erabiltzailearen aurpegia Goikogane Mendi Taldea 2015ko mar. 16a, 12:44

ELOMENDIRA GOAZ

 

 

 

Epail edo martxoaren 28an, larunbatarekin, Nafarroako erregeen lurretara joaiteko txango antolatu dute Amurrio-Laudioko mendizale taldeek. “La Higa” esaten dioten mendia euskaraz ELOMENDI da, egon ere, ELO herriaren gain-gainean dago. Antzina, berriz, herri honi izena aldatu zioten eta “Mont Real” ezarri. Hala ere, 1870era arte, guti goiti-beheti, inguru haietan euskaraz egiten zuten, Irunberri (Lumbier) edo Agoitz, esaterako, herrietan egin ohi zutena legez; gaur-egun euskara zeharo suntsitua dago baina. Toponimian edo tokizendegian, aldiz, euskarak bizirik dirau: Iturrotz, Jurubieta, Sotokua, Urbero, Labekoa, Higalepo, Oderena...

 

Frantsestean (bertze batzuek 'Independentziako Gerra' deritzote) eskualde edo zertan horretan, Espotz gudaxkari ospetsuak gotorlekua zuen – ez da ahantzi behar Idotzin herrikoa zela, eta, bide batez esan, euskaraz zekiela – lekua, berez, beti iragaiteko bide izan baita.

 

Nafarroako erregeek gaztelu bat zedukaten, ehiza-toki erabiltzearren, antzina zaharrean, Albako Dukea buru zuen gudaroste gaztelarrak eraitsia izan zena, gure herrialdea, su eta gar, konkistatu zutenean.

 

Mendia ez da oso garaia (1.295 m.) baina urrundik ikusgai, zeren, eskualde ez menditsu baten erdian bakarra bailitzan, zut eta burgoi baitago. Bide-zati batean burdinazko lokarria ipini zuten igailea erosoago eta seguruago irits dadin gainera. Zazpi kilometro inguru ibilita, etxerako bidea hartuko dugu, bertan bazkaldu eta gero, arratsalde apalean Laudiora eta Amurriora itzultzeko.

Joan nahi duenak GOIKOGANE zein MENDIKO LAGUNAK taldeetara jo dezake

 

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide