Laudio Udalak Euskara Arloaren bitartez, ekimen erakargarria antolatuko du martxoaren 10erako, igandea: euskal musikaren historiari buruzko multimedia hitzaldi bat, baina musikatu eta kantatua. Eta nork kantatuko du? Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikari eta abeslariek. "Baga, biga, higa" izena du euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena helburu dituen proiektuak.
Multimedia formatuko hitzaldi-kontzertuaren bidez, ikus-entzuleari euskal musikaren historiaren gaineko begirada eskaini nahi zaio, 60. hamarkadaren aurreko garaietatik hasi eta gaur egunera artekoa. Musikari ezagun horiek izango dira hizlari eta kantari, euskal musikagintzaren mundua barrenez barren ezagutzen eta bizi baitute, eta ez soilik hitzez, kantuz ere islatuko dituztelako "baga", iragana; "biga", oraina eta "higa", etorkizuneko erronkak eta aukerak.
Bost ataletan banatu dute euskal musikaren historia:
- 60ko hamarkadara artekoa- 60ko eta 70eko hamarkadak
- 80ko hamarkada
- 90eko hamarkada
- 2000. urtetik gaur egunera artekoa
Horregatik, euskarririk gabeko garaietatik hasi eta binilo-diskoen aroa (60-70. hamarkadak), Casetten aroa (80ak), CD-en aroa (90ak) eta MP3-en aroa (XXI. mendea) jorratuko dituzte. Emango diguten hitzaldiak parte-hartzaile eta ludikoa izatea du helburu, pasioz bizi den mundu honi begirada propioa emateko eta ikus-entzuleekin partekatzeko.
Emanaldi itxia izango da, Lanbide Heziketako Udal Ikastetxeko Zine Aretoan, arratsaldeko 5etan. Sarrerak euro batean salduko dira Udaletxeko Euskara Arloan. Erosteko azken eguna martxoaren 7an izango da, ostegunean. Atean ez da sarrerarik salduko, beraz.