Kontsumo azterketek diotenaren arabera, Aiaraldean kanabisa lehen aldiz 15 urte ingururekin probatzen da, batez ere. Horrek ez du esan nahi adin horrekin hasten direnik arazoak; dena dela, adin txikikoen kasuan, kanabisaren edozein kontsumo da arriskuzkoa, kopurua edo maiztasuna edozein dela ere.
Kanabisaren eragin terapeutikoetan sartu gabe, kontsumo ludikoari dagokionez, drogak, oro har, berehalako ondorio positiboak lortzeko kontsumitzen dira. Kanabisaren kasuan, erlaxazio edo lasaitze sentsazioa, desinhibitzea, soziabilitatea handitzea, taldeko harremanak handitzea, errealitatearen nolabaiteko distortsioa… sortzen dira. Baina adin txikikoengan dituen eragin negatiboak kezkagarriak dira. Epe laburrera, hauek gerta litezke: berehalako memoria-galtzea, kontzentratzeko zailtasuna, pertzepzioaren nahasmendua, erreakzionatzeko gaitasuna murriztea, pentsamendua moteltzea… Horrek larriki eragiten du ikasketetan, familia edo lege arazoak sortzeaz gainera. Epe luzera, adikzio-arriskuaz gainera (hori biderkatu egiten da zenbat eta goizago hasi), era kezkagarrian agertzen da buruko gaixotasunak jasateko arriskua, besteak beste, antsietatea, depresioa, pseudohaluzinazioak, lo egiteko arazoak; bai eta gaixotasun larriak ere, esate baterako, paranoia edo eskizofrenia.