Laudio-Amurrioko etapa itzuliko etaparik gogorrena izango dela esango nuke. Mendate garrantzitsurik igo gabe, 3.000 metroko igoera egongo da 189 kilometrotan. Horretaz gain, errepideak estuak eta txarrak dira. Horri gehitu behar zaio egun horretan eguraldiak garrantzi handia izango duela, zailtasuna bikoiztu dezake eta.
Nire ikuspuntutik, talde indartsuek estrategikoki ondo jokatzen badute, min handia egin diezaiokete liderrari eta alde handiak atera daitezke. Iaz bezala, egun horretan ihesaldian sartzen ahaleginduko naiz.
Badakit ez dela erraza izango baina atzean gelditzen banaiz, gero oso zaila izango da etaparen lehian egotea.
Lasterketa guztiak dira garrantsitzuak, baina Itzulia garrantzi eta ilusio gehien sortzen diguna da, etxean lehiatzen dugulako eta gure zaleek bultzatzen gaituztelako. Izan ere, uholde laranja da munduko zale talderik onena.