Gure esku dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da, 2013ko ekainaren 8an hasi zena. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea duena hasierako helburu. Ezaugarria: anitza eta parte-hartzailea izatea, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiz.
Zergatik?
Euskal Herrian bizi den gatazka politikoaren iturburua delako. Aldarrikapen prepolitikoa delako, oinarri demokratiko bat sortzearen alde. Sentsibilitate guztien topagune. Erabakitzeko eskubidearen errebindikazioa Euskal Herriko agenda politikoan eta sozialean eten gabe egon da:
-1978ko Aberri egunean
-Gasteizko Legebiltzarrean 1990an
-Udalbiltzan eta honen Eskubideen kartan
-Lizarra- Garaziren dokumenturen erreferentzian
-Loiolako oelkarrizketetan
-Aieteko Osoko bileran eta Deklarazioaren laugarren puntuan.
Erabakitzeko eskubidearen defentsa jardute demokratikoa delako. Erabakitzeko eskubidea Nazioarteko legerian jasotako eskubide demokratiko eta unibertsala da.
Xedea
Jendartean dagoen beharrari abagunea eman, eta honen zilegitasuna bultzatu nahi du dinamikak, erabakitzeko eskubidea gauzatuz. Herritarrak abian jarri nahi dituzte; Atxikimendu pertsonalak metatu eta antolauz, aurrera egingo dute. Eta honela, gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak landuko dituze, erabakitzeko eskubidearen norabidean.
Oinarriak
Begirunezko jokaera barne-hartzaileaz, eta era positiboan lan egitea, erabakitzeko eskubidearen inguruan batzeko asmoaz. Bi printzipio dauzka dinamikak: Aniztasuna eta askotarikotasuna. Ezberdinen arteko gogo-kidetasuna bilatzea, ekintza bateratu eta eraginkorrerako jokaleku egoki eta erosoa sustatuz.
Norabidea
Ekimena 2013ko ekainaren 8an abiatu zen. Herriz herri, sektorez sektore eta nazioz nazioko aktibazioaren ondorioz, 2014ko udazkenean topaketa jendetsu baten deialdia egin nahi dugu. Topaketaren helburua ordurako egindako guztiaren balantze bat egitea da. Erabakitzeko eskubidearen defentsan lortutako aktibazio eta atxikimendu maila kontuan hartuz bereziki. Eta horrela irizten bada, guztion artean dinamikaren funtzionamendua, kudeaketa eta ibilbide-orria formulatu eta adosteko unea izango litzateke.
Bi ekimen nagusi aurkeztuko ditu Gure esku dago dinamikak:
1) Martxoak 29ko ekitaldi nazionala. Herriz herri egiten ari den lana erakutsi eta lan horri bultzada emateko, ekitaldi bat izango da. Bilboko La Casilla izango da, 17:30etan.
2) Ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen gizakate bat gauzatu nahi da, 123 kilometrokoa, 50.000 lagunek osatuko luketena.
Eta Aiaraldean zer?
Hori dela eta, Aiaraldea mailan talde berri bat sortu dugu. Helburua eskualdean erabakitzeko eskubidearen aldeko jendartearen aktibazio bat lortzea delarik. Kolore guztietako jendea bildu nahi dugu eta horretarako, hainbat ekimen ezberdin prestatzen gabiltza. Hauen artean, martxoaren 16an aurkezpen ekitaldi bat egingo dugularik.
Ekainaren 8ari begira, 3Km bete beharko ditugu Ataunen (71,27 eta 73a), hauetako bakoitza 400 pertsonek beteko dutelarik. Hortaz, guztira 1200 pertsona behar ditugu.
Helburu hau lortu ahal izateko, lehendik ere talde motor bat astero biltzen da eskualde mailan lan egiteko. Bilera irekiak izaten dira astelehenero Laudioko kultur etxean 19:00etan. Beraz, erabakitzeko eskubidearen alde proiektu ilusionagarri eta polit honetan parte hartu nahi baduzu animatu zaitez! Eta ez ahaztu sare sozialetan ere (Facebook eta Twitterren) bagaudela!