Kurdistanen hainbat ekai dago (ura, gasa, harrolioa…) eta honegatik inguruko herrialdeek mendean hartua dute eta zatikatua, zudu geo-estrategikoengatik. 40-45 milioi lagun dira lau estatutan banatuak (Turkia, Iran, Irak eta Siria) eta munduan estatu gabeko naziorik handiena da. Kurdistanen barruan kurduak ez ezik beste hainbat herri edo etnia ere bizi da, eta Fathik adiarazi zuen bezala, nazioen mosaikoa da.
Duela 50 bat urte arte, emakumezko kurduen egoera, jopuen antzekoa zen. Sendia, kultura, erlijioa eta estatua indar handikoak ziren eta aita lehenkeria nagusi, hainbat arlotan, beraz, senitartean, gizartean, politikan eta norbanakoetan ere gizonezkoen menpe.
Egoera oso aldatu zen PKK alderdia sortu zenean, Kurdistango Langileen Alderdia hain zuzen, 1978az geroztik emaztekien eskubideak berrezartzen lagundu baitu, egitasmo baten barruan, Abdullah Öçalan buru nagusi zela. Berau gaur-egun Turkiako espetxe-uharte batean daukate, aspaldidanik bertan atxilotu bakarra.
2005. urtearen ondorean, haren ildotik joz, gizarte erkidekoi eta sozialista eratzen dihardute, “konfederalismo demokratikoa” esaten dioten hatsarrea oinarri hartuta. Helburua gizartea hainbat arlotan, hala kultura nola politika, hala ekonomia nola defentsa, demokratikoki eratzea da, gizarteak berak bere burua antolatuz eta gizon-emakumezkoen artean berdintasuna ezarriz, egituran bezala buruzagitzan, erlijioen nahiz etnien arteko berdintasuna ere aintzat hartuz.
PKK alderdiak herri kurdua banatuta dagoen lekuetan halako autonomia demokratikoen eredu hori erdietsi nahian dihardu. Fathik Siriako egoera bereziki azaldu zuen, gudate latzean dagoen herrialdea izanik, zeren, autodefentsarako iskiludun gudu-taldeak (Emakumezkoen Babeserako Mordoak) guztiz eragingarriak izan baitira Siariaren iparraldeko lurralde zabala begirapean hartu ahal izateko.
Lurralde horretan kurduak gehienak dira eta konfederalismo demokratiakoaren xedea indarrean ezarri dute, elkargoak, batzordeak eta kooperatibak sortuz eta egituratuz. Hizlariak emakumezkoen lana eta egiera oso goian ezarri zuen, Siriaren menpe dagoen Rojava eskualdean (Kobane, Afrîn, Cizîrela), batik bat, izan ere, bai borroketan bai beste eginenetan emaztekiak aurrenak izan dira, arizale nagusi, eta han autokudeatze demokratikoa egiteko asmoa eraiki dute, gizarteaz den bezainbatean aurrerakoia, askatzailea eta oinarrian feminista, ekologia aldetik jasangarria eta askotarikoa.