Nekane Jurado, ekonomilari, psikologo kliniko, genero-ikertzaile eta idazlea Laudion 14an izan zen, Aiaraldea Bat Erabakiarekin elkarteak antolatu hitzaldian. “Erabakitzeko Eskubidearen aniztasuna” lelopean egin izan-izango ditugun hitzaldien artean ekonomiaz hitz egitekoa zen batean, hain zuzen. Duela ez aspaldi “Lucharon contra la hidra del patriarcado: mujeres libres” izenburuko liburua argitaratu du, eta horretan genero-borroka, klase-borroka, ahalgo-borroka eta nazio-borroka gatazka bakarreko gudalde batzuk direla dio, nordin orok esplotazioaren aurka eta askatasunaren aldeegin ohi duen gatazkan.
Hitzaldia ekonomiaren arlokoa izan zen, beraz, eta egin zuen galdera, hauxe: ba ote arrazoirik edo ziorik nordinek erabakitzeko eskubidea erabil dezaten demokrazia ekonomikoa ezartearren, eta bide batez gizarte eredu elkarkoi berri bat eraikitzearren, aberastasuna hainbatik hainbatean bana dadin eta behartsuenen premiak behar bezala artatuak izan daitezen.
Egungo sistema ekonomikoa, norbanakoen zuduen arauera mundu osoan merkatuak mugatzen duena, gizartean ezoreka larriak sorrarazten ditu, txirotasuna, bazterkeria eta bere lanaz bizi denaren babesgetasuna ekarten baititu. Hari honetatik, ekonomilari horrek aberasgoa oso lagun guti batzuengan pilatzen dela adiarazi zuen bereziki, eta horregatik, hala beharrez, besteengan txirotasuna ere nabarmentzen dela (“Zure aberastasuna nire txirotasuna”). EAE-an aberatsak (%1) herritarren beste % 43k duen adinako kopurudunak direla zehaztu zuen, baliabide ekonomikoen jabegoa denaz bezainbatean.
Euskal ekonomiari egindako ikerketa dela eta, 2017an egina, berak azaldu zituen zenbakien arauera, EAE-ko herritar bakoitzari urteko 33.416 euro legokioke, BPG-a haintzakotzat hartuz gero. Datu hau, baina, benetan herritarrek, batez beste, jasotzen dutenetik oso urrun dago, 11.950-na euro jasotzen baitute lan-ordainetan, 15.947-na euro pentsioetan, 9.906,4 euro lanbidearteko gutieneko lansaria denean, eta 7.506-na euro Bermatutako Sarreren Errenta delakoan. Azken hauen jasotzaileen artean %25 pentsionistak dira eta %56,5 emakumeak (35-50 urtekoak). Txirotasuna herritarren % 19k jasaten du, eta txiro diren bostetarik hiru emakumezkoak dira. Txirotasunean dagozen bi herenek ez dute BSE-a jasotzen, eta lan egiteko gaitasun osoko sendiak dira.
Egin eta bultzatu den politika ekonomikoa, bai estatutik bai autonomia erkidegoko erakundeetatik, ez dajoan aberastasuna herritarren artean banatzera; alderantziz, ekoizpen sistema kapitalista sendotzeko bidean zuzenduak izan dira, batik bat. Zertzelada batzuk emanik, besteak beste, Lanbidearteko Gutieneko Lansaria EB-ean ohikoa denarekin erkaturik %40 urriagoa dela nabaritu zuen, eta egin izan diren zerga-bilketa barruko aldakuntzak atzerakoiak izan direla, behe mailako jendearentzat bederen; gainera, zerga-arloan iruzur ugari dagoelako (13.560 milioi urtean) Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua baino are handiagoa, gizarte-gaietan (osasuna, hezkuntza, bizietxegintza) egin beharreko diru-eralgipena murriztu izan da.
Huek guztiok honela ere, elkarkoiago izan behar lukeen eredu ekonomiko baterantz aurrera egitea badagoela adiarazi zuen, herrialdearen eraketa osoa aldatuz gero. Europako legeek eta Estatuko Konstituzioak Espainiari emaiten diote, ez besteri, egitura ekonomikoan, zerga-burujabetzan eta azpiegituren antolakuntzan jarduteko eskuduntza. Honegatik, beraz, ezin da foru- nahiz autonomi-erakundeetatik behar den tresna politikorik erabili egungo gizartean diren ezorekak eta hala-holakeriak konpontzeko. Hizlariak, bada, erabakitzeko eskubidea erabiltzea aldeztu zuen, gizarte eredu elkarkoiagoa eraikitze aldera, gaur den egunean utopikoa balirudi ere, orain arte izan ez baita, baina egin egitekoa dena, aldaketak eraginez eta irudimenezko ekarpenen bidez.