Laudioko herritar berriak gizartera sartzeko bidean

“Aiaraldea bat erabakiarekin” ekinguneak antolatu duen “Erabakitzeko eskubidaren aniztasuna” izenburupeko hiltzaldi-sortaren barruan, lehengo 13an, mahai inguru bat eratu zen, “Tokian-tokiko bizitzan Laudioko herritar berrien esku-hartze eta sartzea” lelopean. Hizlariak Othman Alfredo Gómez-C. Kortazar, Brenda Castrillo, Fatima Adriss, Ahmed Omar Bouseif, Elva Oaraguay eta Fatma Bidalla izan ziren. Saharar talde ugari bat egon zen; eta Siriatik ihesi berri etorri zaizkigun Abdul Azim eta emaztea ere bertan, duela sei ilabetetik hona lau seme-alabekin herrian bizi direnak.

Laudion, egun, atzerrian jaiotako 1.236 lagun bizi dira. Herritarren artean % 6,78 dira. Atzerritarrak hainbat lekutatik eta kulturatatik etorri izan dira, 54 herrialdetatik hain zuzen, lau kontinentetatik (Amerikak, Afrika, Europa eta Asia). Gehienak latinoamerikarrak dira (% 46,84) eta afrikarrak (% 36,74); Maroko, Sahara, Peru eta Kolonbia dira atzerritar gehienon herrialdeak. Haran hau, gizarte-kulturan trinko xamarra izan den erkidegoa izatetik, azken urteetan hainbat erlijio, hizkuntza, kultura eta bestez nabartu da, askotariko gizarte bilakatzeraino.

Etorkin bederak bere etorreraz eta egoeraz hitz egin zuen, zergatik eta nola: senideentzat bizitza hobe baten bila, bikotekidearekin elkartzeko asmoa, jazarpen politikotik ihes egin beharra, e. a. Etorkintza, ekonomia aldetik ere, bakoitzari xahupen handia eragiten dion egitaldia da (bidaia, bizitokia…) ozeanoz harandiko etorrera denean, batez ere. Herraldak, beste aldetik, sarri hainbat herrialdez herrialde ibili beharra dakar, ibilbide luzean beti, Laudion bizitoki tenkor bat ediren arte. Leku ezezagunetan bizi beharra ere izaiten da, sendia utzita, adiskideak utzita, gizartea aldaturik, hizkuntza-kultura arrotz batean murgilduz gehienetan, e. a. Herrialdez aldatzeko erabakia, horretaz, gizakiari ahalegin handia ohi zaio, egoera berriari egokitze aldera.

Mahai inguruan hizlariek euskal lurraldean bizi dutena azaldu zuten, nola sentitzen diren eta oro har ondo dagozela zehaztuz, arazo handiak izanik ere. Etorri direnok gizartera sartzerakoan dituzten arazoen artean, besteak beste, lanik edo lan onik edireiteko zailtasunak aipatu zituzten; lanik ezean bizietxea erosteko bidea gaitza, seme-alabei nahi besteko ikasketak emaitea ere nekeza, e. a. Emakume batek arrangura agertu zuen, herriko jendeak ez baitu nahi izaiten emakumezkorik hartu, lanerako buruzapiduna bada, zaintza-arloan batez ere. Gizartean dagoen bazterkeria horren erakusgarri, esaterako, Lamuzako ikastetxean biltzen diren ikaslerik gehienak etorkinen seme-alabak izaitea. Ikasketa unibertsitarioak dituzten etorkinek beste arazo bat ere badute gehitua, hots, legearen aldetikoa, izan ere, haien herrialdeetan erdietsi unibertsitate-tituluak ez dira ontzat edo nahikotzat emaiten beti eta beste ikasketa maila batzuk eskatzen zaie, han ohar ona irabazi arren hemen onartu hutsa baino ez zaie egiten, eta maiz ikastaldi gehigarriak ere egin beharra dute. Hemen bizitzeko dituzten arazo administratiboak ere oso handiak dira, bizitza politikoan batik bat: NANa beharrezkoa dute hauteskunde autonomiko eta estataletan esku hartzeko, eta hemen dagozen etorkinen artean %28k baino ez du lortzen; egoite-agiriak udal hauteskundeetan ez bestetan bozkatzeko eskubidea damaie, erroldaturik egonez gero.

Hitz egin zuten guztiek aipatu arazook haintzat harturik irtenbideak bilatzen elkar-lana beharrezkotzat jo zuten, atzerritik etorri eta gainerako herritar ororen artean lortu behar dena. Herrian gizarte-atxekidura errazteko lan egin behar dela eta bat datoz herritar berri-zaharrak, eta, bigarren belaunaldian lortuko den itxaropena agertu zen, arazo ekonomikoak nolabait konpondurik gizarteratze prozesura joasiko baita, lehenbizikoan oinarrizkoa “ogia irabaztea” izan ohi da eta. Etorkizuna, ikuspegi honetarik, Laudioko herritarrek gizartean egile politiko bilakaturik erabakitzeko eskubidea erabiltzeaz eraikiko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide